Donostiari eta euskarari buruz ikasteko ginkana digitala sortu dute

Donostiari eta euskarari buruz ikasteko ginkana digitala sortu dute Galderez osatutako lehiaketa ere martxan izango da abendura arte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiari-eta-euskarari-buruz-ikasteko-ginkana-digitala-sortu-dute/@@download/image/0.jpeg
2023/08/07
Galderez osatutako lehiaketa ere martxan izango da abendura arte.
Donostiari eta euskarari buruz ikasteko ginkana digitala sortu dute

Donostia Turismok, udaleko euskara sailaren laguntzaz, pista-joko edo ginkana digitala sortu du, lau hizkuntzatan, herritarrek eta bisitariek bertako historiari, kulturari eta hizkuntzari buruz ikas dezaten, modu jostagarrian.

Jokoaren kontakizuna 1813ko abuztuaren 31n hasiko da, tropa anglo-portugaldarren erasoaren egunean. Jokalariak Irati izango dira, arrantzale baten alaba den saregile donostiar gaztea. Iratik bihozkada bat izan du eta auzokideak datorren hondamendiaz ohartarazi behar ditu, hiria garaiz ebakuatzea lortzeko. Horretarako, izaera donostiarra bereizten duten oroitzapen, hitz eta elementu guztiak zaindu beharko ditu.

Jokatzeko ez da aplikaziorik deskargatu behar, nahikoa da mugikorretik esteka honetan sartzea.

Sagardotegiko bazkaria jokoan lehiaketan
Ginkana sustatze aldera, lehiaketa ere jarri dute martxan. Parte hartzaileek Petritegi sagardotegian bi lagunentzako bazkaria irabazi ahalko dute. Lehiaketak abenduaren 3ra arte iraungo du, Euskararen Egunera arte, eta tarte horretan galdera berriak argitaratuko dira noizean behin, Donostia Turismoaren Instagrameko profilean. Galdera hauek ginkana gogorarazteko eta bertako historia eta hizkuntzari buruz ikasten jarraitzeko balioko dute.