Donostiar gazteentzako bideo tutorial lehiaketa

Donostiar gazteentzako bideo tutorial lehiaketa 12 eta 16 urte arteko gazteek beraien jakintza modu didaktikoan eta egokian azaldu beharko dute bideo tutorialen bidez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiar-gazteentzako-bideo-tutorial-lehiaketa/@@download/image/1635232878-Bideo-lehiaketa-web.jpg
2021/12/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

12 eta 16 urte arteko gazteek beraien jakintza modu didaktikoan eta egokian azaldu beharko dute bideo tutorialen bidez.
Donostiar gazteentzako bideo tutorial lehiaketa

Donostiako gazteei zuzendutako lehiaketa berria jarri du martxan Bagera Elkarteak. Bideo tutorialak grabatzea izango da lehiaketaren helburua eta, beraz, bideo baten bidez, parte-hartzaileek, beraien jakintza, bereziki praktikoa, modu didaktikoan azaldu beharko dute.

12 eta 16 urte arteko gazteek har dezakete parte, bakarka zein taldeka, eta ez da taldekide kopuru zein bideo kopuru aldetik mugarik izango. Bidalitako lanek gutxienez minutu bateko eta gehienez hiru minutuko iraupena izan beharko dute, eta antolatzaileek adierazi dutenez, ezaugarri teknikoen kalitatea bezain garrantzitsua izango da egiten ari direna ondo komunikatzea. Euskarazkoak izan beharko dira eta erregistro ez formala erabiltzera animatu dituzte parte-hartzaileak. Abesti edo doinuren bat erabiltzekotan, berriz, euskaraz abesten duen Euskal Herriko talde batena izatea hobetsiko da.

Jasotako lanak baloratzeko hiru epaimahaikide izango dira eta honako alderdi hauek izango dituzte kontuan: hizkeraren egokitasuna, originaltasuna eta lanaren kalitate teknikoa. Epaimahaiak aukeratutako bideo onenaren sariak Norttek Informatika dendan gastatzeko 400 euroko erosketa-bonua eskuratuko du. Ikusleen saria lortzen duenak, berriz, denda berean erabiltzeko 300 euroko erosketa-bonua izango du. 

Lanak bidaltzeko epea abenduaren 17an, ostiralean, amaituko da eta lanak artxibo bidalketarako zerbitzuren bat erabiliz bidali daitezke bagera@bagera.eus helbidera. Lanak jasotakoan, ikusleen saria bozkatzeko aukera izango da abenduaren 20tik 27ra, Bagera elkartearen webgunean. Azkenik, urtarrilaren 14an egingo dute sari banaketa.

Lehiaketaren oinarriak hemen kontsulta daitezke.