Donostiar gazteen ideiak garatzen laguntzeko programa

Donostiar gazteen ideiak garatzen laguntzeko programa Donostiako MartxUp! programak bertako gazteen ideiak garatzen laguntzea du helburu hiriaren edota hiritarren onurarako izango diren proiektuekin. Igandera arteko epea dago deialdian parte hartzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiar-gazteen-ideiak-garatzen-laguntzeko-programa/@@download/image/albiste argazkia.png
2021/07/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Donostiako MartxUp! programak bertako gazteen ideiak garatzen laguntzea du helburu hiriaren edota hiritarren onurarako izango diren proiektuekin. Igandera arteko epea dago deialdian parte hartzeko.
Donostiar gazteen ideiak garatzen laguntzeko programa

Bertako gazteen ideiak landu eta horiek garatzen laguntzea du helburu Donostiako MartxUp! programak, hiriko gizarte, kultura eta ekonomian era aktiboan ekitera bultzatzeko. 18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte har dezakete programan, banaka nahiz taldeka. Proiektuak, hautatuak izanez gero, bi eta lau pertsona arteko taldeetan landu beharko dira. Horretaz gain, taldekideetako batek, gutxienez, donostiarra izan beharko du.

Proiektuak edozein alorretakoak izan daitezke eta hasierako fasean, garapenean zein ezartzeko garaian egon daitezke. Donostian izango dute garapen eremua, Donostian gauzatuta ondoren beste eskualdeetan ere garatu ahal izango diren arren. Hiriaren, hiritarren  edo kolektibo gaztearen onurarako izan beharko dute eta, beraz, baztertuak geldituko dira izaera pribatuko proiektuak. Norbanako edo talde bakoitzak bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu gehienez, euren artean desberdinak izanez gero.

Egin daitezkeen proiektuen artean daude, adibidez, antzerki eta dantza piezak, film laburrak, ekitaldiak antolatzea, hiriaren intereserako webguneen garapena, blogak, aisialdiko jarduerak, hezkuntza ez-formaleko ekintzak, euskararen erabilera sustatzeko proiektuak, dibulgazio proiektuak (hitzaldiak), elikadura jasangarria sustatzeko proiektuak, mugikortasunaren edo berdintasunaren arlokoak, aniztasuna sustatzen duten proiektuak, belaunaldien arteko harremana sustatzen dutenak, eta abar. 

Igandera arteko epea
Proiektuak aurkezteko epea igandean amaituko da eta formularioa bete eta eranskina gehitu beharko da. Fisikoki entregatu nahi izanez gero, Gazteria Sailaren bulegora jo beharko da. 

Epaimahaiak proiektuaren bideragarritasuna, originaltasuna, berrikuntza eta zehaztapen maila hartuko ditu kontuan hautaketa egiterakoan. Irailean emango dute aukeraketaren berri. Proiektu bakoitzak gehienenez 10.000 eta gutxienez 1.000 euroko finantzaketa lor dezake. 

Formazioa hautatuentzat
Prozesua bost fasetan banatzen da: deialdia, tutorizazioa, aukeraketa, garapena eta aurkezpena. Garapen fasean proiektu bakoitzaren zehazte eta lanketa sakonago bat egin eta kideek proiektuaren erronken araberako formazioa jasoko dute, proiektua berauek aurrera eraman ahal izateko. Fase hau bost tailer desberdinetan banatuko da, eta MartxUP programan parte hartzen ari diren gazteak bertan egoteaz gain, Donostiako gainerako gazteei ere zabalduko zaie bertan parte hartzeko aukera. Fase honen helburu nagusia proiektuak zehaztu, akzio plan bat burutu eta saretze prozesua hastea da, proiektua abian jarriz. Garapen fasea urria eta azaroa bitartean izango da. 

Bi hilabete iraungo duen formakuntza prozesuaren ondoren, proiektu bakoitza gauzatzen lagunduko duten banakako tutoretzak izango dira. Guztira lau tutoretza saio adostuko dira. Azkenik, proiektuak aurkeztuko dituzte udalean 2022ko martxoan.