Donostian gazteen proiektuak garatzeko programaren bosgarren edizioa martxan da
Donostiako Udaleko Gazteria Sailak Martx up! programaren bosgarren edizioa jarri du abian, hirian donostiar gazteen ideiak, erronkak eta proiektuak prestatzen eta garatzen laguntzeko. Gazteek hirian parte har dezaten sustatzea du xede ekimenak, "Donostiako eragile aktibo eta sortzaile bilakatzeko duten gaitasun berritzailea bultzatuz".
18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte har dezakete. Horretarako, bi-lau pertsonako taldeak proiektua garatu eta prestatu beharko du, eta taldekideetako bat, gutxienez, donostiarra izan beharko da. Parte-hartzaile guztiek egingo diren dinamika, saio eta prestakuntzetan parte hartzeko konpromisoa hartu beharko dute.
Proiektuaren jarduera-eremua librea da, beti ere generoarekiko, arrazarekiko eta besteekiko baztertzailea ez bada. Aurkezten diren ideak bi ezaugarri bete beharko dituzte: garapen-eremua Donostian izatea eta Donostia hobetzeko eta biztanleriaren ongizatearen onurarako izatea.
Izen-ematea eta ideiaren aurkezpena uztailaren 27ra arte izango da zabalik, webgunean. Irailean egingo dute proiektuen aukeraketa eta, ondoren, lau formakuntza saio izango dira proiektua garatzen laguntzeko. Tutoretzak izango dituzte hilabetean behin, formakuntzan ikasitakoa praktikan jarri eta aurrera egiten laguntzeko. Azkenik, 2023ko urtarrilean aurkeztuko dira proiektuak.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.

