Donostiako Zinemaldiak ikusleak, industria, komunikabideak eta hiria omenduko ditu erakusketa baten bidez

Donostiako Zinemaldiak ikusleak, industria, komunikabideak eta hiria omenduko ditu erakusketa baten bidez 'Imajinatu Zinemaldia' erakusketa egingo dute uztailetik irailera, eta herritarrek urte hauetan guztietan ateratako argazkiak bidali ahalko dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiako-zinemaldiak-ikusleak-industria-komunikabideak-eta-hiria-omenduko-ditu-erakusketa-baten-bidez/@@download/image/f1_19984.jpg
2022/05/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

'Imajinatu Zinemaldia' erakusketa egingo dute uztailetik irailera, eta herritarrek urte hauetan guztietan ateratako argazkiak bidali ahalko dituzte.
Donostiako Zinemaldiak ikusleak, industria, komunikabideak eta hiria omenduko ditu erakusketa baten bidez

Zinemaldiaren 70. urteurrena dela eta, Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak Imajinatu Zinemaldia erakusketa antolatu dute. Erakusketa uztailaren 4tik irailaren 24ra egingo da, Tabakalerako hainbat instalaziotan. Zinemaldiak jakinarazi duenez, "industriari, komunikabideei eta hiriari gorazarre egitea da helburua, eta, batik bat, publikoari, hari zor baitzaio bereziki Zinemaldiak zazpi hamarkada hauetan izandako arrakasta".

Zinemaldiaren une ikonikoetako batzuk bilduko dituzte erakusketan, ikus-entzunezko formatuan, hala nola Alfred Hitchcock Victoria EugenianVertigo aurkezten, Harrison Ford eta Carrie Fisher Star Wars-en Europako estreinaldian, John Travolta Kontxako hondartzan paseatzen 1983an, Bette Davis 1989ko prentsaurrekoan, edota U2 taldeko Bono abeslaria Penelope Cruzi Donostia saria ematen duela hiru urte. Horiez gain, edizioz edizio herritarrek ateratako argazkiak ere erakutsiko dira.

Zinemaldiaren nortasun-ikur batzuk erabiliko dituzte, tartean, photocall-a, Zinemaldiaren Egunkaria, zinema-aretoak eta alfonbra gorria. Ikus-entzunezko elementu andana izango dira, eta, edukiak ikusteko, pantaila eta gailu digital ugari egongo dira. Morgancrea estudioa arduratuko da erakusketa sortzeaz eta haren komisariotza-lanak egiteaz.

Herritarren argazkiak erakusketarako
70 urte hauetan herritarrek ateratako argazkiak ere jaso nahi dituzte erakusketan. Online kanala jarri du Zinemaldiak webgunean, herritarrek euren irudiak bidal ditzaten. Orotariko argazkiak helarazi daitezke: selfie bat aktore famatu batekin, autografo bat sinatzen alfonbra gorrian, zuzendariren bat hiritik paseatzen... Komisarioek irudien aukeraketa egingo dute, eta publikoa ardatz duen erakusketako espazio bateko pantailetan jarriko dira. Argazkiak bidaltzen dituzten lehen 500 pertsonek Belodromoko saio baterako sarrera bikoitz bana jasoko dute.