Donostiako Zinemaldiak 70.urteurrenaren inguruko 'Imajinatu Zinemaldia' erakusketa zabaldu du

Donostiako Zinemaldiak 70.urteurrenaren inguruko 'Imajinatu Zinemaldia' erakusketa zabaldu du Ehunka bideo ikus daitezke irailaren 24ra arte irekita egongo den Tabakalerako erakusketan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiako-zinemaldiak-70-urteurrenaren-inguruko-imajinatu-zinemaldia-erakusketa-zabaldu-du/@@download/image/imajinatu zinemaldia.jpg
2022/07/05

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ehunka bideo ikus daitezke irailaren 24ra arte irekita egongo den Tabakalerako erakusketan.
Donostiako Zinemaldiak 70.urteurrenaren inguruko 'Imajinatu Zinemaldia' erakusketa zabaldu du

Donostia Zinemaldiaren 70. edizioa irailaren 16tik 24ra izango da, eta urteurren hori ospatzeko, Imajinatu Zinemaldia erakusketa inauguratu dute Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Zinema-industriari, komunikabideei, zinema-aretoei, hiriari eta edizioz edizio aretoak betetzen dituzten ikus-entzuleei egindako omenaldia da erakusketa.

Tabakalerako hainbat gune publikotan banatutako ikus-entzunezko instalazioen bidez Zinemaldiaren historiako gertaera gogoangarrienak erakusten ditu. Izan ere, hogei bat pantailaren bidez, 150 minututik gorako edukia biltzen duten ehunka bideo erakusten dira bertan. Alfonbra gorririk ere ez da falta, bai zoruan eta goialdean esekita ere, bisitarien buruaren gainetik izango direnak. Guztira, 200 metro alfonbra baino gehiago erabili dituzte. 

Ikus-entzuleak izeneko instalazioa zortzi pantailaz osatuta dago. Bertan, alfonbra gorrian, zinema-aretoetan eta Zinemaldiaren hainbat etapatan zehar ibilbidea egin daiteke. Horretaz gain, herritarrek erakusketara bidalitako argazkien aukeraketa ikus daiteke.

Media instalazioak Zinemaldia nazioartean zabaltzen eta haren memoria gordetzen lagundu duten komunikabideen eginkizuna du ardatz. Liburu edo egunkari handi bat izango balitz bezala, azken 70 urteotan Donostian izandako pertsona ospetsu interesgarrienetako batzuen irudi, titular eta adierazpenen hautaketa erreproduzitzen dute bi pantaila bertikalek.

Photocall gunea ere badago, 24 x 4 metroko pantaila erraldoia duena. Bisitariak alfonbra gorritik igaroko dira eta zine jaialdia bisitatu duten 800 pertsona entzutetsu baino gehiago ikusteko aukera izango dute, tartean Gloria Swanson, Kirk Douglas, Audrey Hepburn, Harrison Ford, Bette Davis, Robin Williams eta Brad Pitt.

Zinea izeneko instalazioan, berriz, pantaila sinkronizatuek Zinemaldiaren historiako unerik berezienak gogoratuko ditu bertaratzen denak. Batetik, ezkerraldean, une ahaztezinak ausaz erakusten dituzten hiru pantaila handi daude: Sophia Loren, Liz Taylor, Bette Davis, Denzel Washington edo Bradley Cooper artisten harrera jendetsuak; John Travolta Kontxa pasealekuan pasieran; Star Wars eta The Mask of Zorro filmen estreinaldiak; Penelope Cruzek U2 taldeko Bonoren eskutik Donostia Saria jaso aurretik izan zuen ezustekoa... 

Gune horretako aretoaren erdian, aldiz, esekitako bi kubo daude, Rafael Moneok diseinatutako Kursaalari keinu eginez. Kubo horien aldeetan irudiak ematen dira: hiriko zinema-aretoak, Zinemaldiko epaimahaiak, sariak, antolakuntza eta talentu berriak, besteak beste.

Azkenik, maskorrak izandako bilakaera erakusten duten bi emanaldi daude ikusgai, eta baita 70 edizioetako kartel ofizialen animazioa ere. Era berean, bi ukipen-pantailen bidez, Zinemaldiaren historian zehar nabigatzeko aukera ematen duen mediateka ere badago. 

Erakusketa egunero egongo da zabalik irailaren 24ra arte, astelehenetik igandera, 10:00etatik 20:00etara.

Haurrentzako tailerrak, bisita gidatuak eta lehiaketa
3-6 eta 7-11 urte arteko haurrentzako tailerrak antolatu dituzte asteazken eta ostegun goizetan eta larunbat arratsaldeetan.  Gainera, helduentzako bisita gidatuak ere izango dira astearte arratsalde eta igande goizetan. Jarduerak doakoak dira eta Zinemaldiaren eta Tabakaleraren webguneen bidez eman behar da izena.

Bestalde, erakusketa bisitatzen dutenek erakusketaren edukiekin lotutako galdera-lehiaketan parte hartu ahal izango dute. Erantzun zuzenen artean Zinemaldiaren 70. ediziorako sarrerak eta merchandising-eko objektuak zozkatuko dira.

'Vive le cinéma' erakusketa larunbatetik aurrera
Zinemaldiaren 70.urteurrenaren aitzakian beste erakusketa bat ere prestatu du Tabakalerak: Vive le cinéma!. Datorren larunbatean irekiko dute eta nazioarteko lau zinemagileren instalazio artistikoak erakutsiko ditu: Jia Zhangke, Lemohang Jeremiah Mosese, Isaki Lacuesta eta Dea Kulumbegashvili.