Donostiako San Telmo museoak Argazki-liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko du hainbat jarduera antolatuta

Donostiako San Telmo museoak Argazki-liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko du hainbat jarduera antolatuta Argazki-liburu laborategia, Toni Amengualen hitzaldia eta erakusketak izango dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiako-san-telmo-museoak-argazki-liburuaren-nazioarteko-eguna-ospatuko-du-hainbat-jarduera-antolatuta/@@download/image/STM-Argazki-liburua04.JPG
2022/10/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Argazki-liburu laborategia, Toni Amengualen hitzaldia eta erakusketak izango dira.
Donostiako San Telmo museoak Argazki-liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko du hainbat jarduera antolatuta

Argazki-liburuaren Nazioarteko Eguna izan ohi da biharkoa, urriaren 14a, Anna Atkinsek 1843an argitaratutako Photographs of British Algae: Cyanotype impressions lanaren oroimenez. San Telmo museoak berak Gabriela Cendoyaren argazki-liburuen bilduma kudeatzen du, eta 3.100 ale ditu orotara. Bildumagileak 2017an utzi zituen eta museoko liburutegian kontsulta daitezke. 

Egun berezi horren harira, San Telmo Museoak hainbat jarduera programatu ditu bere argazki-liburu bildumaren inguruan. Lehenik, gazteei zuzendutako argazki-liburu laborategia egingo dute, Julian Baron eta Jon Cazenaverekin. Honako galdera hau izango dute abiapuntu: Zer argazki egingo zenukeen gaur ahal izan bazenu?. Galderen indarra aztertuko dute, komunikazio eta sorkuntza tresna gisa. Tailerra bi garaitan egingo dute: lehena, bihar eta etzi San Telmo museoan, eta bigarrena, azaroaren 18an eta 19an,  Kontadores Gazte Zentroan.

Bigarrenik, Toni Amengual artistak Icona y Ornamento. Fotografías, libros e imágenes como herramientas de control hitzaldia eskainiko du larunbatean, 12:00etan. Toni Amengual argazkilaria da, Biologian lizentziatua eta Fotokazetaritzan graduondokoa egina. Antolatzaileek azaldu dutenez, "argazkigintza esplorazio tresna gisa ulertzen du, joan-etorriko bidaia gisa, barrutik kanpora. Bere lana argazkigintzaren mugetan oinarritzen da, bizi garen mundua irudikatzeko eta ulertzeko bitarteko gisa".

Azkenik, Susana Romanosen eta Pello Ramirez musikariaren argazki-liburuen erakusketa ikusteko aukera izango da bisita gidatuen bidez. Susana Romanosena gaur izango da, gaztelaniaz, eta Pello Ramirezena urriaren 20an, euskaraz. Bestetik, 3x4:  musika, zinema eta literatura argazki-liburuan erakusketa Laborategi aretoan kokatuta dago, urriaren 30era arte. 

Liburutegiaren ordutegia zabaldua
Gainera, museoko liburutegiak jendearentzako ordutegi zabalagoa izango du, eta ostegunetan 16:00etatik 20:00etara ere ateak irekiko ditu. Beraz, astearte eta ostegunetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta asteazken eta ostiraletan 10:00etatik 14:00etara.