Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren XIV. Proiektu deialdia zabaldu dute
Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzarekin, Poltsiko Antzerkiaren alorrean euskarazko sorkuntzak bultzatzeko hamalaugarren proiektu deialdia antolatu du.
Banaka zein taldeka aurkeztu ahal izango da eta partaideen adina hamasei urtetik gorakoa izan beharko da.
Aurkeztutako proiektuek Poltsiko Antzerki formaturako egokiak izan beharko dute, hau da, ostalaritza-establezimenduen edo antzeko espazioen baldintzetara egokitu behar dira, hauen errealitatea eta tamaina kontuan hartuta.
Bestetik, antzezlanak jatorrizkoak, estreinatu gabeak eta euskaraz izango dira, eta gidoiak ezin dute idatzita egon deialdiaren aurretik. Iraupenari dagokionez, gutxienez 30 minutukoak eta gehienez 70 minutukoak izan beharko dute.
Proiektuak aurkezteko epea irailaren 15ean amaituko da eta kulturekintza@donostia.eus helbide elektronikora bidaliko dira, beharrezko dokumentazioaren batera: eskaera inprimakia beteta, proiektu-txostena, eszena baten lagina (idatzia edota ikus-entzunezkoa), eta parte hartzaileen aurreko lanen eta proiektuen aurkezpena (CV).
Bi proiektu aukeratuko dira: irabazleak 2.500 euro jasoko ditu eta finalistak, berriz, 2.000 euro. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek, lau emanaldi bakoitzak.
Gainera, proiektu irabazleak 3.000 euro jasoko ditu Poltsiko Antzerki Jaialdian egin beharreko lau emanaldien truke. Finalistak 2.500 euro jasoko ditu. Era berean, sormen-proiektuak gauzatzeko, kultur etxeek abenduan zehar espazioak utziko dituzte aukeratutako antzezlanak muntatzeko.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.
