Donostiako Poesia Orduak irailaren 4an eta 5ean izango dira
Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak Poesia Orduak errezitaldiak antolatu dituzte irailerako, ohiko moduan. Aurten ere bi hitzordu izango dira: hilaren 4an, Etxe bat, eta hilaren 5ean, Tolesdurak izenekoa. Biak Victoria Eugenia Clubean izango dira, iluntzeko 19:00etan.
Etxe bat emanaldian Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak jarriko ditu hitzak eta Peru Galbetek musika. Testuak idazleak argitaratzear daukan liburu batekoak dira. Arrietaren hitzetan, “Gaston Bachelard soziologoak espazioen esanahietan murgiltzen gaitu La Poétique de l'espace entseguan, kanpoko espazioez ari garenean geure barruko estantziez ere ari garelako. Nik etxearen irudia hautatu dut. Xede bakarra buruan: amets egiten jarraitzea”.
Tolesdurak, berriz, Goizalde Landabaso idazlea eta Xabier Zeberio musikariak landutako proposamena da. Hamaika emakumeren biografia poetikoak eskainiko dituzte: "Zenbat emakume zegoen zure historia liburuetan? Zure zientzia liburuetan? Zure literatura liburuetan? Zenbat emakume izan dituzu eredu? Gandu artean, baina, tolesduretara kondenaturik, hor daude emakumeak. Errezela baztertu eta bertan azalduko dira Marga Andurain, Julie Karrikaburu, Gabrielle Münter, Hilma Af Klint edota Fredrika Bremer".
Errezitaldietarako gonbidapenak irailaren 1eko goizeko 11:30etik aurrera eskuratu ahal izango dira Donostia Kulturaren webgunean, eta Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.
