Donostiako 'Poesia eta Pentsamendua' errezitaldi musikatua ekainaren 12an izango da
Donostiako Poesia eta Pentsamendua ekimena 2008an jarri zuten martxan Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategik. Hainbat poetak hartu dute parte bertan, eta 17.edizioa ere antolatu dute ekainaren 12rako, 19:00etan, Victoria Eugenia Clubean. Imanol Larrinaga margolari durangarrak sortu du ekitaldiaren irudia.
Musikaz lagundutako poesia errezitala izango da, eleaniztuna, eta Beñat Arruti, Oihane Zuberoa Garmendia, Iñaki Irazu, Aitor Kaltzakorta eta Yolanda Castañok hartuko dute parte. Jon Makusoren biolinaren musikak osatuko du saioa.

Beñat Arruti (Zarautz, 1999) Donostia Kultura VII. Poesia Lehiaketaren irabazlea izan da, eta saritutako Arkeologia haragitan poema bilduma argitaratu berri du. Oihane Zuberoa Garmendiak (Erronkari, 1993) ere badu sariketekin harremana. Iruñea Hiria Nazioarteko Poesia Saria irabazi zuen bere lehen poema liburuarekin, Bidaia (h)ariketak (2020), eta ondoren Bi aldiz iraun (2023) argitaratu zuen.
Aitor Kaltzakorta Belaustegik (Lekeitio, 1981) Lasarte-Oriako Poesia Saria irabazi zuen 2018an, eta XX. Pasaia Hiria-Xabier Portugal literaturako lehen saria ere bai, Euria zara-zara (2020) poema bildumarekin. Iñaki Irazu Garmendiak (Asteasu, 1954) Errukiaren saria poema liburua kaleratu zuen 2018an eta Zakur Zaunkak iaz. Javier Muguruzak haren hainbat poema musikatu ditu.

Bestetik, azken Espainiako Poesia Saria irabazitako Yolanda Castaño Pereira (Santiago de Compostela, Coruña, 1977) galiziarra izango da bertan. Hainbat alorretan aritu da: poesian, itzulpengintzan, argitaralpenetan eta kultura kudeatzen. O puño e a letra (2018), Sementes viaxeiras (2019), Paleta Planeta (2021) eta Materia (2022) dira bere azken lanak eta hainbat hizkuntzara itzuli dira bere liburuak. Sari eta errekonozimendu ugari jaso ditu, hala nola, Galiziar Poesiako Kritika Saria (1998), Estandarte Saria (2020), Galiziako Letren Kultura Saria (2023), eta Materia liburuari esker 2022an galizieraz argitaraturiko liburu onenaren Kritika Saria eta Espainiako Poesia Saria (2023).
Ekitaldirako gonbidapenak egunean bertan jaso ahal izango dira Donostia Kulturaren webgunean, eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan 11:30etik aurrera. Gehienez bi gonbidapen banatuko dituzte pertsona bakoitzeko.
