Donostiako Piraten Musika Lehiaketak baditu finalerdietara pasatuko diren sei taldeak

Donostiako Piraten Musika Lehiaketak baditu finalerdietara pasatuko diren sei taldeak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiako-piraten-musika-lehiaketak-baditu-finalerdietara-pasatuko-diren-sei-taldeak/@@download/image/2011638433piratak_lehiaketa.jpg
2012/12/13
berria
Bi finalaurrekoak ekainaren 18an eta 20an izango dira Groseko Kortxoenea gaztetxean, eta handik hiru taldek egingo dute aurrera.

Musikaren munduan lehen urratsak egiten ari diren taldeei bidea errazteko helburuarekin jaio zen Donostiako Piraten Musika Lehiaketa, eta horretan segitzeko konbentzimendua dute.

Joan den maiatza hasieran jakinarazi zuten izen-emateko epea zabalik zela  hilaren 26ra arte Donostia eta inguruetako (Oarsoaldea eta Buruntzaldea) musika talde gazteentzat. Orain, finalerdietara pasatuko dituzten sei taldeen izenak eman dituzte aditzera: Ex–Pañolak, Gaueko Itzalak, Hauteskundead, Oreindik, Skakeitan eta Yelow Page dira.

Hauetakoren batek ekainaren 18an eta 20an Groseko Kortxoenea gaztetxea jokatuko diren finalerdietan parte hartzea baztertuko balu, bada ezpada, Donostiako Piratek hiru ordezko izendatu dituzte: The Hostile, Sai eta Garen.

Partehartzaile guzti-guztiek betetzen dute antolatzaileek ezarritako baldintza bakarra, talde gazte eta hasiberria izatea alegia (gehienez maketa bat edo disko autoekoiztu bat edukitzea argitaratuta). Gainerakoan, musika estilo guztietako proposamenak heldu dira piraten eskuetara: ska, metala, hardcorea…

Lehenengo kanporaketa gainditu duten sei talde hauen artean bi onenak zein diren deliberatzeaz epaimahaia (musika adituek eta Donostiako gazte mugimenduko kideek osatua) arduratuko da, eta kontzertuetara gerturatutakoek aukeratuko dute hirugarren bat.

Hiru hautatuek Donostiako Aste Nagusiaren baitan piraten Trinitate Plazako gunean zuzeneko kontzertua jotzeko aukera izango dute ia Arramazka, Blaka eta Nazidos para Joder taldeek egin bezala.