Donostiako Piratek koadrilak berotzeko eguna egingo dute larunbatean

Donostiako Piratek koadrilak berotzeko eguna egingo dute larunbatean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiako-piratek-koadrilak-berotzeko-eguna-egingo-dute-larunbatean/@@download/image/2012641762piratak.jpg
2012/12/13
berria
Donostiako Piratek koadrilak berotzeko eguna egingo dute larunbatean
Ekainean sartu berriak gara eta udako giroa nabari da jada. Abuztuko jaietarako prestatzen hasteko eta aurtengo egitaraua osatzeko, Donostiako Piratek egun berezia antolatu dute larunbat honetan —ekainak 9—, eta koadrila guztiei zabaldu diete gonbidapena, ongi pasatzera anima daitezen.

Abuztuaren 11tik 18ra luzatuko da aurtengoan Donostiako Aste Nagusia. Duela hilabete batzuk hasi ziren, baina, Piratak prestaketa lanekin, eta Dokan hainbat biltzar egin dituzte, herritarren iritziak jaso eta denon artean jaien egitaraua osatzeko.

Horrekin batera, egun berezia antolatu nahi izan dute aurten lehen aldiz. Larunbat honetan izango da, eta koadrila bazkaria, jolasak, poteoa, gau-giroa eta hainbat sorpresa izango dira. Besteak beste, DJak eta karaokea izango dira gaueko protagonistak.

Koadrilen arteko harremanak sakontzeko eta elkar ezagutzeko eguna izango da, eta jolasen bidez, abuztuko proba eta bestelakoak ere pentsatzeko aukera izango da. Gazte eta pirata sentitzen den oro dago gonbidatuta Antiguo auzora, eta handik Añorgara joango dira iluntzean. Jai parte hartzaileak inoiz baino herrikoiagoak izan daitezen, hurbildu eta egin zure ekarpentxoa. Ongi pasatzea baino ez da derrigorrezkoa!

Egitaraua


12:00 Dokan aste nagusiko jolasak antolatzeko tartea
14:00 Antiguoko frontoian bazkaria. Koadrila bakoitzak berea ekar dezala
17:00 Koadrilen arteko jokoak
18:00 Añorgarantz abiatuko dira indarberritzeko geraldi eta guzti
22:00 Añorgan parrillada eta mojito gaua. Karaokea, DJ herrikoa eta sorpresak!

Piraten Musika Lehiaketa


Iazko arrakasta ikusirik, aurten ere Musika Lehiaketa antolatu dute Piratek. Izena emateko epea atzo itxi zen, eta beraz, parte hartzaileek beren dohainak erakutsi beharko dituzte orain. Animo piratak!