Donostiako Piratek euren 9. Aste Nagusia aurkeztu dute

Donostiako Piratek euren 9. Aste Nagusia aurkeztu dute https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiako-piratek-euren-9-aste-nagusia-aurkeztu-dute/@@download/image/20117132614piratak_aurkezpena.jpg
2012/12/13
berria
'Auzolana eredu denon Aste Nagusian' izango da aurtengo leloa, eta urte hauetan guztietan "ametsa egi bihurtzen, lanean" aritu diren guztiei "omenaldia" egiteko modua dela argitu dute. 

Badira bederatzi urte lehenengo piratek aurreneko aldiz Donostia abordatu zutenetik; jai euskaldun, parte hartzaile eta parekideak zituzten bandera gisa.

Bide beretik jarraitu dute urte hauetan guztietan, eta lanak bere emaitzak eman ditu. Iazko Piraten Aste Nagusia "inoiz baino partehartzaileagoa, osoagoa eta jendetsuagoa" izan zela adierazi dute eta, dudarik gabe, Trinitate Plazako La Flamenka gunean aingurak lehorreratzea, berezko gunea lortzea, "aurrerapauso handia" izan zela.

Hain zuzen ere, aurten, 10. urteurrenaren atarian, hau guztia aurrera eraman duen "herri mugimendua" omendu eta goraipatu nahi dute, eta horrexegatik hartu dute lelo gisa Auzolana eredu denon Aste Nagusian.

Kaia helburu

Dena dela, erronka berrien bila doazela aurreratu dute eta "betiko legez ilusioz eta ausardiaz" egingo dutela aurrera. Zentzu horretan, "ekimen herritar sustraitu honi jarraipena emateko gune duin eta iraunkor batzuk zehazten joatea" finkatu dute aurtengo helburu nagusi gisa, jai filosofia herritar honetan sinesten duen donostiar multzo handi honen partaideek "leku eta azpiegitura duin batzuk" eduki ditzaten.

Piraten ustez, Kaia da euren gune naturala, eta gune berri horretan lehorreratzeko "irrikaz" daudela adierazi dute, eta prest daudela behar diren ateak jotzeko –Eusko Jaurlaritzari dagokion kaiaren kudeaketa–. Gunearen afera hau konpondutakoan emango dute egitarau zehatzaren berri.


Jokoetan eta abordaian izena emateko


Jolasetan parte hartzeko, bidali taldearen IZENA, KAMIXETA KOLOREA, KONTAKTUA eta TALDEKIDE KOPURUA piratajolasak@gmail.com helbidera.

Abordaian parte hartzeko bidali BALSAREN IZENA eta PIRATA KOPURUA abordaia@gmail.com helbidera. Bestalde, asegurua nahi duen orok IZEN-ABIZENA eta NAN zenbakia bidal dezala helbide horretara bertara.

Edozein zalantza: izanpirata@gmail.com