Donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dute

Donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dute https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiako-piratek-aurtengo-aste-nagusiko-egitaraua-aurkeztu-dute/@@download/image/2011847338piratak_prentsaurrekoa.jpg
2012/12/13
berria
Donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dute
Berrikuntza nagusia La Flamenka gunea kaian kokatzea lortu izana da. Gainerakoan, adin eta gustu guztiak asetzeko moduko programazioa prestatu dute; beti ere jai herrikoi, partehartzaile, parekide eta euskaldunen alde bogan.

Donostiako kaian berezko gunea finkatzeko bidean izandako eztabaida eta gorabehera guztien ostean, piratek aurtengo Aste Nagusirako egitaraua ezagutarazi dute; eta bai, La Flamenka, azkenean, kaira pasako da.

Bederatzi eguneko proposamena dakarte; abuztuaren 13an hasi eta hilaren 21era artekoa. 'Denon Aste Nagusian auzolana eredu!' leloa aukeratu dute, eta auzolana eta batzarra kontzeptuak sakontzeko nahiz garatzeko aldarria egin dute: "herri mugimenduak aldaketaren lerroan jarraitu behar du".

Abordatzeak jarraitzen du izaten piraten adierazpen nagusia. Abuztuaren 15ean egingo dute –astelehena– eta, jai eguna izanik, aurten beste inoiz baino jende gehiago animatzea espero dute. "Urtez urte, gero eta koadrila gehiagok ematen dute izena eta aurten ere bide beretik goaz; honezkero 200 talde dira", azaldu dute prentsaurrekoan. Hala ere, izena emateko epea zabalik mantenduko dute abuztuaren 7ra arte.

Ohikoak diren koadrila arteko jolasak –abuztuak 17, asteazkena– eta Irrikitaldia ere –abuztuak 21, igandea– ez dira faltako. Baina, horretaz gain, bertso saioek, herri bazkariek, kontzertuek, erromeriek, tailerrek, marmitako lehiaketek eta poteoek aberastuko dute, besteak beste, Aste Nagusi Pirata.

Bestalde, iragan aste hauetan martxan izan den musika lehiaketari amaiera borobila emango diote, gailendu diren hiru taldeak (Skakeitan, Oreindik eta Gaueko Itzalak) zuzenean ariko baitira hilaren 16an –asteartea– gaueko 23:00etatik aurrera.

Egitarau zehatza eta xehetasun gehiago www.izanpirata.info webgunean topa ditzakezue.


Elkarrizktea Aratz Trecetekin



Laburbilduz, zer duzue aurten piratek eskaintzeko?
La Flamenka gunea kaira ekarri izana izugarrizko lorpena da, Donostiako gune egokiena delako gure ekimenak aurrera eramateko, eta asko borrokatu ondoren lortu dugu. Hortaz, hori da aurtengo eskaintzarik eta lorpenik handiena. Egitaraua urterik urte zabaltzen ari gara jendearen erantzuna ere gero eta hobea delako. Horregatik, hartzaile edo partehartzaile mota bakoitzarentzat egun bat prestatu dugu propio, eta gainera, eskaintza hori ez da kaira bakarrik mugatuko.


Beti bezala, herrikoiak, partehartzaileak, parekideak eta euskaldunak.
Piraten mugimendua aldarri horren baitan sortu zen eta jarraitzen dugu pentsatzen, guk sortutako alternatiba hemen dagoen arren, Donostiak oraindik ere ez duela Aste Nagusi herrikoirik. Horregatik, festarako eta jairako prest gauden moduan, konbentzimendu osoa dugu atzetik lanean segitzeko helburu horren bidetik.


Mugimendu honen sorreraren hamargarren urteurrenaren ataritan, zein da balorazioa?
Gero eta jende gehiago animatzen da, gero eta egun gehiago dira… zentzu horretan, aurreikusten dugu aurtengo balantzea ere erabat positiboa izango dela. Eta hamargarren urteurrena ere handia izango da, ziur.


Bizitza luzea du honek, ezta?
Bai, batez ere gure planteamendua ez delako Aste Nagusira mugatzen. Irailetik aurrera hainbat tailer jarri nahi ditugu martxan Donostiako jai herrikoien inguruan aritzeko, jendeak behar duelako jaiaren parte sentitze hori.