Donostiako Piratek Aste Nagusirako jai euskalduna eta anitza antolatu dute
Donostiako Piratek askotariko ekintzak egingo dituzte Donostiako Aste Nagusiaren barruan, abuztuaren 10etik 17ra, Jalgi belak mastara, eta euskara plazara! lelopean. Piraten hitzetan, “gure leloaren bidez, argi utzi nahi dugu gurea euskararen plaza dela. Festa euskalduna eta euskaltzalea egingo dugula beste urte batez eta, edozein oldarraldiren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat egingo dugula”.
Oraindik egitaraua osatzen ari dira, baina bertso saioak, kalejirak, kuadrillen arteko jolasak, playback lehiaketa, azoka edota herri bazkariak izango dira besteak beste. Haurrentzako ekintzak ere izango dira, hala nola ur-jolasak eta hockey tailerra.
Abordatzea ere ezin ahaztu, noski. Abuztuaren 12an baltsak uretara aterako dituzte eta izen-ematea abuztuaren hasieran zabalduko dutela aurreratu dute.
Flamenka eta Trinitate Plazan kontzertuak izango dira jaiak girotzeko. Flamenkan Bele, Hofe 4x40, Bulego, Belako, Tremenda jauria, Sara Socas, Albina Stardust, Divina Comedia, Los Zopilotes Txirriaus, Nakar, Juantxo Sakalari eta Rude Banda, Burutik, Pelax, La Fulana, DJ Pezon, eta Dj Azkura arituko dira. Trinitate plazan, berriz, Rukula, Rüdiger, Andoni Oilokiegi eta Eraul arituko dira besteak beste.
Kaleko Afari Solidarioak taldeari aitortza
Bestalde, Kaleko Afari Solidarioak banatzen dituen donostiar taldearen lana nabarmendu nahi izan dute Piratek: “Gure hirian baliabiderik ez duten pertsonei afariak prestatzeko eta banatzeko elkarturiko boluntario taldea da honakoa, eta zailtasunak zailtasun, instituzioen arduragabekeriaren aurrean, berrehunetik gora otordu banatzen dituzte egunero, hiriko hiru puntu desberdinetan. Gurean bezala, eraldaketa baten aldeko borrokak, herritarraren premiak erdigunean jartzeko nahiak eta, noski, auzolanak egiten dute posible haien jarduna. Doakiela, beraz, gure aitortza publiko eta zintzoa”.
Aldarrikapen feminista eta zaintza
Piraten Lantalde Feminista lanean arituko da erasorik gabeko festa eta hiria izan dadin. Puntu morea jarriko dute erasoak salatzeko eta behar duenari Emagin elkarteak kudeatutako Bulebarreko artatze gunera akonpainamendua egingo diote. Artatze gunea egunean 21 orduz egongo da zabalik, eguerdiko 13:00etatik goizeko 10ak arte. Puntu gehiago jartzeko eskaera ere egin dute. Tamalez, erasoak izango direla aurreikusten dute eta, hori dela eta, abuztuaren 17an, erasoak salatzeko elkarretaratzea egingo dute Flamenkan, 20:00etan.
Jaietako egitarauan ere, nola ez, izango du isla feminismoak. Abuztuaren 13an, esaterako, kalejira aldarrikatzaile transfeminista egingo dute eta gaueko egitarauan ere izango da zertaz gozatua.
