Donostiako 'Oroimenaren Bidea' bisitaldi antzeztuetarako izen-ematea zabaldu dute
Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak Oroimenaren Bidea izeneko bisitaldi antzeztuak jarriko ditu martxan aurten ere, irailean eta urrian, altxamendu militar frankistaren garaian hirian gertatu zenaren berri emateko. "Gerra zibilaren hondamendiak zuzenean edo zeharka sufritu zituzten pertsona guztiei egindako omenaldi bat dira bisitak, eta gure historian kapitulu triste baten protagonista izan ziren lekuak eta pertsonaiak gogoan izaten lagunduko digute", azaldu dute udalekoek.
Hala, bi antzezlek, 1936ko uztailaren 18tik, Errepublikaren aurkako matxinada militarraren egunetik, Donostia frankisten eskuetan erori arteko tartean donostiarrek bizi izandako uneak kontatuko eta antzeztuko dituzte.
Ibilbidea Easo plazako kioskoan hasiko da eta San Jose ikastetxetik, Askatasunaren hiribidetik eta Okendo plazatik igaro ostean, Zurriolako zubiaren inguruan amaituko da. Ordubete eta hogeita hamar minutuko iraupena du.
Euskarazko ibilbideak irailaren 7an eta urriaren 5ean egingo dituzte, egun bakoitzean bina saio, 12:00etan eta 18:00etan. Parte hartzeko aurrez eman behar da izena, webgune honetan: www.komazk.com/reservas. Hogei laguneko taldeak izango dira asko jota.
