Donostiako Mikroantzerki Maratoian parte hartzeko deialdia ireki dute

Kontadores Gazte Zentroak VI. Mikroantzerki Maratoia antolatu du, tokiko gazte izaerako zein formatu txikiko antzerki erdi-profesionala edo amateurra bultzatzeko helburuz. Aldi berean, Maratoiak parte hartzaile gazteak motibatu nahi ditu beraien sormen prozesuan aurrera egiteko, eta baita euren kultur ekoizpenaren hedapena bultzatzeko ere. Horretaz gain, hiriko kultur eragileen arteko elkarlana sustatzea ere badu xede.
EAEko zein hortik kanpoko arte eszenikoko talde erdi-profesional edo amateurrek har dezakete parte. Dena den, antolatzaileek jakinarazi dutenez, honako hauek lehentasuna izango dute: 18tik 30 urtera artekoek, lurraldekoak direnek, eta euskarazkoek.
Aurkeztutako proiektuak mikro formatukoak izan beharko dira, 15-20 minutu arteko iraupena dutenak. Parte hartzeko izen-emate orria bete beharko da urriaren 31ra bitarte, eta antzezlanaren zati bat erakusten duen gidoia edota bideoa bidali beharko da kontadores@donostia.eus helbidera.
Epaimahaiaren erabakia azaroaren 15ean jakinaraziko zaie taldeei, eta webgunean zein sare sozialetan ere argitaratuko da. Hautatuak diren piezek 500 euroko laguntza ekonomikoa jasoko dute eta VI. Mikroantzerki Maratoian aurkeztuko dira, Kontadores Zentroan, azaroaren 26an.
Deialdiaren oinarriak hemen kontsulta daitezke.