Donostiako Larrotxeneko ikasleen lanak erakutsiko dituzte Bideoaldian
Intxaurrondoko Larrotxene Kultur Etxeak, ikus-entzunezko eremuan espezializatutako zentroak, ikasturtean zehar egindako lanak aurkeztuko ditu Bideoaldian. Hainbat generotako produkzioak ikusi ahal izango dira ordubete inguruko iraupena izango duen ekitaldian.
Ikastaroetan egindako lanen, koprodukzioen eta ekoizpen propioen artean, sei film labur eta amaierako sorpresa bat ikusi ahal izango dira.
Ainhoa Mariezkurrenak zuzendutako Hibernazioa film laburra aurkeztuko da. Sei minutuko iraupena duen lan honetan gau batez bere bikotekidearekin dibertitzen saiatuko den baina iraganeko oroitzapenetatik ihes egin ezinda ibiliko den neska gaztea da protagonista.
Irene Royoren Matamoscas zazpi minutuko ikus-entzunezkoa, komedia laburra, ere emango da. Hau da planteamendua: lapur bat, bitxiak eskuan eta eulia belarrian, eta itsu bat, belarriak irekiak eta eskuan... euliak hiltzekoa.
Bestetik, Mikel S. Galarzak Martes por la Mañana lanak bi gazteren arteko elkarrizketa erakutsiko du. Gelako kirolaria ikasle finarekin hitz egitera hurbiltzen bada, apunteak behar dituela esan nahiko du edo...
Ane Rotaetxek zuzendutako Kosmikoa lanak bederatzi minutuko iraupena du. Hau da ikus-entzunezkoaren nondik norakoa: Susana bere jaioberriarekin erregistro zibilera joango da tramite bat egitera. Tramite sinple bat izan beharko lukeena burokrazia-gudua bihurtuko da, uste gabeko mugetara eramango duena.
Azkenik, bi koprodukzio ikusi ahal izango dira. Batetik, Iulen Aranak zuzendutako Determinadas drama, zazpi minutukoa. Alex eta Maider ustekabean banatuko dira harreman luze eta polit baten ondoren. Hausturaren arrazoia agerian geratuko da Alex casting batera joaten denean bere bizitzako papera lortu nahian. Arteak bere egia kontatzea eta askatasuna lortzea ahalbidetuko dio. Bestetik, Amaia San Sebastianek zuzendutako Normas de Higiene emango dute. Hamazpi minutuko lan honetan, hauxe kontatzen da: emakume zauritu bat edozer gauza egiteko gai bada, antolatutako emakume askok egin dezaketenarentzako ez dago inolako mugarik.
Bihar, ostirala, izango da emanaldia, 19:00etan, Antzoki Zaharrean.Sarrera doakoa da eta gonbidapenak bihar bertan jaso ahal izango dira Antzoki Zaharreko leihatilan, 17:00etatik aurrera.
