Donostiako Kresala Zineklubak Jean-Luc Godarden 'Weekend' filmaren proiekzioa antolatu du
Kresala Zineklubak saio berezia prestatu du duela gutxi hildako Jean-Luc Godard zinemagilea omentzeko asmoz. Zuzendari frantziarrak 1967an kaleratutako Weekend pelikula proiektatuko dute bihar. Berak idatzi zuen filmaren gidoia eta baita zuzendu ere.
Kresala zineklubaren hitzetan, filmak "burgesiaren kataklismoaren ikuspegi berezia" eskaintzen du, "Frantziako zuzendari polemiko eta bikainaren eskutik". Honela definitu dute pelikula: "apokaliptikoa, desliluratua eta satirikoa, Gulliverren bidaia berri bat bezala definitua, burges bikote gazte batengan irudikatutako kontsumo gizartearen kolapsoan zehar. Oro har, oso kritika onak jaso zituen".
Saioa bihar izango da, 19:30ean, eta sarrerak Truebako lehiatilan izango dira salgai, egunean bertan, 18:30tatik aurrera, sarrerarik geratzen bada behintzat. Zineklubaren webgunean ere eskura daitezke sarrerak. Online salmenta bihar arratsaldean itxiko da.

