Donostiako Gure Esku Dago taldeak aurkezpen astea du honakoa

Donostiako Gure Esku Dago taldeak aurkezpen astea du honakoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiako-gure-esku-dago-taldeak-aurkezpen-astea-du-honakoa/@@download/image/gure_esku_dago_1395230900.jpg
2014/03/19
berria
Donostiako Gure Esku Dago taldeak aurkezpen astea du honakoa
Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika herritarra da Gure Esku Dago, Euskal Herriko hiri eta herrietan taldeak sortzen eta ekainaren 8ko giza-katea antolatzen ari den egitasmoa. Donostiako taldea aurkezpen eta jardueraz beteriko astea burutzen ari da egunotan.


Martxoaren 17tik 23ra bitarte, mahai-inguruak, auzoetako ekimenak, Gazta Zati Bat filmaren proiekzioa eta kale-jira nahiz pintxo-potea egingo dituzte Donostian auzo bakoitzeko Gure Esku Dago taldeen ekimenez. Dinamika herritarrei aurkeztea eta ekainaren 8ra bitarteko bidea denon artean erraztea dute helburu, eta horretarako giro ona eta elkarlana baliatuko dituzte kideek.

Egun handia larunbatekoa izango da. Goizeko 11:30ean harrera egingo dute Miramar Jauregian, eta ostean Donostiako Gure Esku Dago ekimenaren aurkezpena. 12:00etan Eskua osatuz mosaiko-herritarra gauzatuko dute, ez soilik Donostian, baita Bilbon eta beste hainbat herritan ere, eta Antiguara kalejiran jaitsiko dira segidan. Erromeria, haur jolasak, dantzak… eta pintxo-pote musikatuarekin amaituko dute goiza.

Egitasmoari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, dinamikaren atarira, Donostiako taldearen Facebook orrira edota Gros auzoko Zurriola pasealekuan duten egoitza berrira jo dezakezu. Eta Donostiatik kanpo, nork bere herriko taldearen berri izan dezake. Ez aukera galdu, zure esku dago!