Donostiako 49. Liburu Azoka zabaldu dute, uztailaren 14ra arte

Euskadiko Liburu Ganbarak antolatzen duen Donostiako Liburu Azokaren 49. edizioa martxan da Gipuzkoa plazan, uztailaren 14ra bitarte. Azoka 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da zabalik.
Hogei postu ipini dituzte eta liburuak salgai daude %10eko deskontuarekin. Postu batean itsasoari buruzko liburuei eskaini zaie toki berezia.
Bestetik, liburu aurkezpenak eta idazleekin topaketak ere antolatu dituzte Liburutegi Nagusiko Konstituzio enparantzako aretoetan. Gaur, 10:30ean, Ramon Olasagastik Memoriaren giltza aurkeztuko du, Inazio Mujikak elkarrizketatuta, Mandas Dukearen aretoan. Arratsaldean, 19:00etan, nobela beltzaren topaketa egingo dute, Noelia Lorenzo eta Ane Odriozolarekin, Laura Balaguek gidatuta, San Jeronimo aretoan.
Ostegunean, hilaren 11n, nobela beltzaren beste topaketa bat egingo dute Almudena Fernandez eta Javier Sagastiberrik, Laura Balague moderatzailearekin. San Jeronimo aretoan izango da, 19:00etan.