Donostia Kultura Irratiak antolatutako irrati piezen lehiaketako lan irabazleak hautatu dituzte

Donostia Kultura Irratiak antolatutako irrati piezen lehiaketako lan irabazleak hautatu dituzte Mari Joxe Azurtzak irabazi du euskarazko pieza onenaren saria, Donostia Boiserekin eta euskararen egunarekin elkartzen duen lanarekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostia-kultura-irratiak-antolatutako-irrati-piezen-lehiaketako-lan-irabazleak-hautatu-dituzte/@@download/image/1895088a-7030-47fd-b3f8-7820522ab294.jpeg
2021/12/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Mari Joxe Azurtzak irabazi du euskarazko pieza onenaren saria, Donostia Boiserekin eta euskararen egunarekin elkartzen duen lanarekin.
Donostia Kultura Irratiak antolatutako irrati piezen lehiaketako lan irabazleak hautatu dituzte

Donostia Kultura Irratiak antolatutako Hamaika Entzuteko! VII. irrati-piezen lehiaketako sariak banatu zituzten joan den ostiralean Victoria Eugenia antzokian. Sari nagusia Antonio Gonzalezentzat eta Laura Romerorentzat izan da, Una puerta, un portal piezagatik. Euskarazko pieza onenaren saria, berriz, Mari Joxe Azurtzaren Euskara ez da egun bakarreko kontua lanarentzat izan da. Saritutako lanak zein diren jakinarazi eta hauek entzuteaz gain, Anartz Zuazuaren eta Asier Sotaren Futuro inTxerto umorezko irrati-antzerkiaz gozatzeko aukera ere izan zuten bertaratu zirenek. 

Honako hauek osatu dute epaimahaia: Katixa Garate, Donostia Kulturako Komunikazioa eta Irudia saileko teknikaria; Susana Bustero, Casares-Tomasene Kultur Etxeko zuzendaria; eta Manex Urruzola, Elhuyarreko komunikazio-zerbitzuen koordinatzailea. Deialdira aurkeztutako lanen artean, Una puerta, un portal lana nabarmendu du epaimahaiak: "Esperimentazio-ariketa bat da, eta, soinu-geruzen collage baten bidez, bidaia sentsorial bat planteatzen du, modu eraginkor eta teknikoki fidagarrian". Egileak Antonio Gonzalez eta Laura Romero dira, Bartzelonako musikari eta esperimentatzailea, eta Valentziako irrati-errealizadore, ahots-aktore eta soinu-narratiben irakasle eta ikertzailea, hurrenez hurren.

Euskarazko pieza onenaren saria, berriz, Mari Joxe Azurtza donostiarraren Euskara ez da egun bakarreko kontua piezak jaso du. Epaimahaiak audio-pieza baten bidez "Donostia Boiserekin eta euskararen egunarekin elkartzeko gaitasuna" azpimarratu du. Bi pieza irabazleak  irratiaren webgunean daude entzungai.

Irrati-piezen lehiaketaren bidez irrati-pieza labur eta originalen ekoizpena eta hedapena bultzatzea izan du helburu Donostia Kultura Irratiak. Parte-hartzaileek gehienez bost minutuko piezak aurkeztu behar izan dituzte, gaztelaniaz edo euskaraz. Gaia guztiz askea izan da, eta edozein motatako pieza izan aurkeztu ahal izan dute.