Donostia Apain egitasmoaren esku-hartzeak Bidebieta auzoan egingo dituzte
Hirian horma-artea lantzeko Donostia Apain egitasmoa Martutenen, Altzan eta Loiolan izan da aurreko edizioetan eta aurtengoan Bidebietan egingo dute. Egitasmo honek esku-hartzeen bidez hiri-espazioak biziberritzeko eta balioan jartzeko helburua du, eta baita "horma-arteak tradizioz bandalikotzat hartu izan den grafitiaren mugak gainditzeko ahalmena duela" erakutsi ere.
Lau esku-hartze planifikatu dira eta honako kokalekuetan egingo dituzte: Kontadores eraikina, kiroldegia, pilotalekua eta fatxada pribatu bat. Gaur hasi eta urria baino lehen amaituko dira.

Lau artistak parte hartuko dute. Zësar Bahamonte artista sevillarrak emango dio bizitza berria Kontadoresen eraikinari. Sandra Garayoa ilustratzaile eta diseinatzaile grafiko euskaldunak kiroldegiko bi horma mihise bihurtuko ditu. Xoana Almar galiziarrak muralismoan, pinturan eta ilustrazioan duen eskarmentua islatuko du pilotalekuan. Azkenik, ZEBRAK kolektiboak, auzoko fatxada pribatu batean utziko du bere arrastoa.
