Donostia Antzerki Sariko epaimahaikide izateko deialdia egin dute
Donostia Antzerki Saria euskarazko antzerki profesionala bultzatzeko eta indartzeko sortutako saria da. Antzerkiaren Nazioarteko Egunean antolatzen den ekitaldian, Donostian aurreko urtean euskaraz helduentzako eskaini den antzezlan onenari ematen zaio saria. Epaimahaia publikoaren hiru ordezkarik eta zenbait adituk osatuko dute, eta eurek erabakiko dute irabazlea.
Deialdian parte hartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira: 2024ko urtarrilaren baterako 18 urte beteta izatea, donostiarra izatea, euskara jakitea, antzerkia gustuko izatea, eta inolako partaidetzarik edota harreman zuzenik ez izatea parte hartuko duten ikuskizunekin edota konpainiekin.
Epaimahaikideek XXV. Donostia Antzerki Sariko antzezlanak, hamabost bat, ikusi beharko dituzte 2024an zehar eta bakoitzaren balorazioa egin. 2025eko urtearen hasieran gainerako epaimahaikideekin elkartu eta adostu beharko dute zein izango den lan irabazlea.Epaimahaikideek 2025ean hirian eskaintzen diren helduentzako euskarazko antzezlan guztietarako bi sarrera jasoko dituzte.
Abenduaren 28ra arte egin ahal izango da izen-ematea www.donostiaeuskaraz.eus webgunean. Izena eman dutenen artean hiru pertsona aukeratuko dira abenduaren 29an egingo den zozketan.
