Donosskino zine festibala gaurtik larunbatera

Donosskino zine festibala gaurtik larunbatera Hogeita hiru film labur ikusteko aukera izango da, tartean Paul Urkijo, Amaia San Sebastian, David Perez Sañudo eta Estibaliz Urresolaren lanak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donosskino-zine-festibala-gaurtik-larunbatera/@@download/image/231660629_4071236869655854_2492052621475011279_n.jpg
2021/10/05

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hogeita hiru film labur ikusteko aukera izango da, tartean Paul Urkijo, Amaia San Sebastian, David Perez Sañudo eta Estibaliz Urresolaren lanak.
Donosskino zine festibala gaurtik larunbatera

Gaur abiatuko da Donostiako Donosskino Film Laburren Festibalaren bosgarren edizioa eta larunbatera arte iraungo du. Bost eguneko programazioan 23 film labur lehiatuko dira ShortZinema sailean epaimahaiaren sariak lortzeko. Film guztiak Donostiako Antzoki Zaharrean eskainiko dituzte.

Donosskinoren bereizgarrietako batzuk bere giroa, estetika eta edizio bakoitzean zinemaren munduari egiten dizkion omenaldiak dira. Iazko mendebalderako bidaiaren ostean, aurten espazioan barneratuko da Alien-en eskutik. Izan ere,  festibalari Alien: The Director's Cut filmaren emanaldiarekin hasiera emateaz gain, saio bakoitza Alien 40th Anniversary Short Films-en lehiaketaz kanpoko film labur batekin hasiko da. Film labur sorta hau pelikularen 40. urteurrena ospatzeko egin zen, eta pantaila handian gozatu ahal izango da Donostian.

Festibalean ikusi ahalko diren filmeen artean daude Paul Urkijoren Dar-dar, Daniel Cortazarren El perro, Amaia San Sebastianen Hemen izango da, Xabier Larrazabalen Maite, Estibaliz Urresolaren Polvo somos,  eta David Perez Sañudoren La colcha y la madre. 

Film labur onenaren, gidoi onenaren, interpretazio onenaren eta Etxean Shortuak sariak izango dira jokoan jaialdian. Irabazleen izenak Dorleta Urretabizkaia aktore donostiarrak, Molly Izaga zinemazale eta Zinemaldiko kolaboratzaileak, eta Oskar Tejedor zuzendariak hautatuko dituzte. Lehiaketan parte hartuko duten film laburrek Publikoaren Saria irabazteko aukera ere izango dute.

Sail ezberdinetako irabazleak larunbatean, hilak 9, jakinaraziko dira, Antzoki Zaharrean egingo den Donosskino Galan, eta Sergio Arrospide aktore eta aurkezlea izango da gidaria, jaialdiaren amaieran ohikoa den bezala.

Gonbidapenak Antzoki Zaharreko leihatilan eskura daitezke 11:30etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.