Donibane Ziburuko gaztetxearen 20. urteurrena

Donibane Ziburuko gaztetxearen 20. urteurrena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donibane-ziburuko-gaztetxearen-20-urteurrena/@@download/image/20116246754donibane_ziburu_gaztetxea_20.jpg
2012/12/13
berria
Donibane Ziburuko gaztetxearen 20. urteurrena
Hainbat herri San Juan festetan murgildu da egunotan, Donibane Lohitzune esaterako. Festarako arrazoi berezi bat ere badute, ordea, bertan, herriko gaztetxeak hogei urte egiten ditu larunbatean.



Ostiralean egingo dituzte urteurrenaren inguruko lehen ekitaldiak. Presoen aldeko elkarretaratzearen ondotik gaztetxearen suntsiketaren aurkako manifestazioa egingo dute Louis XIV plazatik abiatuta. Baina biharko antolatu dira ekitaldirik gehienak.

Goizean goizetik Porrotxen ikuskizuna izango dute eguna irribarre batekin hasteko. 13:00etan herri bazkaria egingo dute eta bazkalondoan Petanka Txapelketa. Hau bukatu ondorenerako azken orduko aldaketa sartu dute programan: euroaginduaren aurka Baionan egingo den manifestazioa sustengatzeko deia zabaldu dute. Eta 19:00tan berriro ekiten zaio programazioari pilota partidekin eta infernurako igoerarekin. Egun osoan zehar erakusketa bat eta graffitilariak lanean ikusteko aukera ere izango da.

Kontzertuekin borobilduko dute urteurren eguna. 21:00tatik aurrera Ztah, Red Hot Nipples, Ortophonk, ODEI eta Panda Valiumek dena emango dute gaztetxearen taulatu gainean. Lehenengoak hardcore-metala lantzen dute eta DZGko entsegu gelatik irtendako azken emaitza dira.; Red Hot Nipples Baionako hirukote rocabillya da; Ortophonk gazteiztarrek accid-jazz, jazz-funk eta elektronika fusionatzen dute; ODEI elektroniko inprobisatua egiten duten Parisko euskaldun batzuk dira; eta Panda Valiumek Elektro-Buchettea lantzen du Ziburutik.

Kontzertuen sarrerak 6 euro balio ditu, bazkariarenak 10 eta gaztetxearen sareko helbidean lortu ahal da informazio gehiago.

Herrian egunotan festei dagokien berezko programazioa ere eskainiko denez (kalejira, kantu konpartsa, entzierroa…) giro bikaina aurreikus daiteke asteburuko honetarako Iparraldeko paraje honetan.