'Dominant Wave Theory' argazki erakusketa, Donostiako Aquariumean ikusgai

'Dominant Wave Theory' argazki erakusketa, Donostiako Aquariumean ikusgai https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dominant-wave-theory-argazki-erakusketa-donostiako-aquariumean-ikusgai/@@download/image/2011698378dominant_wave_theory_1.jpg
2012/12/13
berria
Andy Hughes argazkilari ingelesaren obra Surfilm Festibalari esker iritsi da Euskal Herrira, eta Donostiako Aquariumean egongo da ikusgai abuztuaren 31 arte. Azken sei urteetan munduko hainbat herrialdetako hondartzetan topatutako objektuei egindako argazkiak biltzen ditu.

Ekainaren 3az geroztik, itsasoko olatuek Donostia hartu dute Surfilm Festibalari esker. Filmak, dokumentalak, arte erakusketak… guztia surfari eta, luzapenez, itsasoari lotuta.

Sufilm Festibal honen eskutik heldu da, baita ere, Andy Hughes argazkilari ingelesaren obra Euskal Herrira. Orain gutxi argitaratu berri duen Dominant Wave Theory (Olatu Menperatzailearen Teoria) argazki-liburuaren izenburu bera hartu du erakusketak, bertan bildutako irudiak baitira orain eta abuztuaren 31 arte Donostiako Aquariumean ikus daitezkeenak.

Azken sei urte hauetan munduko hainbat herrialdetako hondartzatan (Eskozia, Ameriketako Estatu Batuak, Ingalaterrako West Cornwallen…) topatutako objektuei eginiko argazkiekin osatu du bilduma. "Botilek, latek, arrain sareek, pitek, plastikozko jostailuek, xiringek, plastikozko poltsek eta abar eta abarrek blaitzen dute itsas eta kostaldeko ingurunea" (Josh Kalisten, Message in a bottle), dio erakusketa aurkezteko aukeratu duten literatur pasarteak.  

Andy Hughes 1966an jaio zen Yorkshiren eta, Art Colleguean ikasten ari zela, surfarekiko zaletasunak eraman zuen itsasoko eta lurreko paisaiei arreta berezia eskaintzera. Ondoren, bide horri heldu nahian, Fine Art ikasketak egin zituen Cardiffko Unibertsitatean, eta argazkilaritzan trebatu zen Londresko Arte Ederretako Eskolan. Gaur egun ere horretan dihardu, bere bi zaletasun handiak, surfa eta argazkigintza, uztartuz.