Dom Campistronek egin du Zinegoak jaialdiko kartela

Dom Campistronek egin du Zinegoak jaialdiko kartela Zinemako ilaran ikusitako pertsona batzuengan sumatutako askatasunak piztu zion kartelaren ideia egileari. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dom-campistronek-egin-du-zinegoak-jaialdiko-kartela/@@download/image/DomZinegoak-7-1-1024x610.jpg
2024/05/28
Zinemako ilaran ikusitako pertsona batzuengan sumatutako askatasunak piztu zion kartelaren ideia egileari.
Dom Campistronek egin du Zinegoak jaialdiko kartela

Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia hilabete barru hasiko da eta aurtengo edizioaren kartela aurkeztu dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, "indar bisual handiko ilustrazioa da, eta, markatutako trazuaren eta kolore-blokeen bidez, jaialdiak 2024ko edizio honetan aldarrikatzen duen queer utopiaren ideia gorpuzten duten bi pertsona erakusten dizkigu".

LGTBIQ+ kolektiboaren parte izateak dakartzan konplexutasunak erakusten dituen Bekatorosak liburuaren egileak, Dom Campistron (Aldude, 1994) artistak, diseinatu du Zinegoak jaialdiko kartela. Kartela egiteko inspirazioa zinema-areto batean sortu omen zitzaion: “Lerroa egiten duzu zinemara sartzeko. Gaua emeki-emeki sartzen ari da eta aitzinekoak itzuli dira zuri begiratzeko. Eta zein ederrak atxemaiten dituzun aitzineko horiek. Berdin, nahiko zinuke haiek bezala izan: aske”.

Hain zuzen ere, energia hori da jaialdiak bere programazioan transmititu nahi duena: “Norberak bere burua eraikitzeko eta adierazteko askatasunaren ideian sakontzen jarraitu nahi genuen, eta berezitasun hori oinarria izan zedila askotariko pertsonez betetako gizarte berri bat eraikitzeko, munduan egoteko modu berriak asmatzeko antolatzen, biltzen eta sareak ehuntzen baitira”. 

Zinegoak ekainaren 24tik uztailaren 1era izango da, eta film luzeak, film laburren zikloak, antzezlanak, topaketa profesionalak eta nazioarteko zinemagileen bisitak izango dira egitarauan. Aurreko asteburuan jarduera osagarriak egingo dituzte 3, 2, 1… Zinegoak! ekimenaren baitan.