Doinuele, euskara hutsezko plazen sarea, sortu da

Euskal Herrian euskara hutsezko musika eta literatura emanaldiak eta azokak antolatzen dituzten zortzi ekimen batu eta Doinuele sortu dute. Honako hauek osatzen dute oraingoz sarea: Hernaniko liburu eta disko azoka, Zarauzko Literaturia euskarazko literaturaren jaialdia, Ziburuko euskal liburu eta disko azoka, Sarako Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literatura azoka, Lazkaoko euskal liburu eta disko azoka, Baztango (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Astea, Azkoitiko Geure Gelatik liburu azoka eta Galdakaoko Sormene sorkuntzen plaza.
Elkar sostengatzeko, elkarren berri izateko eta ideiak eta bizipenak trukatzeko sortu dute sarea. "Itzaletik ikusgaitasunera" ekarri nahi dituzte plazak, eta "urte osoan euskal irakurle eta musikazaleei ibilbide bat proposatu Euskal Herrian barrena". Euskara hutsezko ikusle, irakurle eta entzuleak bildu nahi dituzte sarearen bidez, eta, aldi berean, euskaraz bizi den komunitatea indartu.
Azokak bilgune oparoak izatea nahi dute, "errentagarriak, jendetsuak eta biziak, denetarik biltzen dutenak, eta euskararen komunitatearen topaleku eta ispilu izango direnak". "Gure txikian bagara nor, hemen gaude, eta egon gura dugu", aldarrikatu dute.
Sarera batzeko deia egin diete horrelako jaialdi eta azoken antolatzaileei, elkarrekin sarea osatu, zabaldu eta indartze aldera.