Doctor Deseo: "Batzutan beharrezkoa da ‘kabroiak’ oihukatzea"

Doctor Deseo: "Batzutan beharrezkoa da ‘kabroiak’ oihukatzea" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/doctor-deseo-batzutan-beharrezkoa-da-kabroiak-oihukatzea/@@download/image/doctor_deseo_na_1396517205.jpg
2014/04/07
elkarrizketa
Testua: Aitor Abaroa. Argazkiak: Galder Izagirre
80ko hamarkadan sortu zenetik, urtez urte eta diskoz disko jarraitzaile berriak biltzen joan da Doctor Deseo. Taldearen ibilbidea ilustratzen duen bilduma lana aurkeztu berri dute, dokumentala barne, eta Euskal Herriko hainbat txoko bisitatuko dituen birari ekin diote.


Doctor Deseo taldearen hastapenetan, 1987. urtea da mugarri garrantzitsuena. Oihartzun handirik izan ez zuten bi maketaren ondotik, Euskadiko I. Pop-Rock Lehiaketara aurkeztu zen taldea, eta Busco en tus labios kantagatik epaimahaiak garaile jo zituen. Diru sariarekin taldearen izen bereko lehen diskoa ekoitzi zuten, Discos Suicidas diskoetxearen eskutik.

Garai zailak ziren, oro har, Euskal Herrian, baina batez ere Euskal Rock Erradikalaren aldarrikapen kolektiboetatik at, norbanakoaren sentimenduetaz hitz egiten zuen pop-rock talde batentzat. Desioaren bideak ez dira errazak izaten, ordea, eta zailtasunen aurrean norbere zauriak orbantzeko medikamentu gisa identitate propioa errezetatzat hartuta, denborak jarri ditu Bilbokoak euren lekuan.
Egun, jarraitzaile finak dituen talde estimatua da Doctor Deseo, eta hamairu diskoko ibilbidean mugarri berri bat jartze aldera, zirkulua itxi eta aro berria iradokitzen duen bilduma plazaratu dute: Busco en tus labios... lo mejor del Deseo (Baga Biga). Bira hasi aurreko egunean, azken entsegu orokorrean sartu gara, Durangoko Plateruenan. Urduritasuna eta tentsioa dira nagusi, baina Francis Díez kantariak tarte bat hartu du gurekin hitz egiteko.

Disko bat baino gehiago da aurkeztu duzuena?
Iaz hainbat antzokitan zehar egindako birako grabazioak, eta aparteko kontzertu batzuetakoak biltzen dituen CD-DVDa da. Azken finean, Doctor Deseoren alde guztiak erakusteko aukera ematen duen kanta aukeraketa bat. Eta horiei gehitu dizkiegu Busco en tus labios kantaren bertsio eguneratua eta bi kanta berri.

Dokumentala ere badakar.
Bideografik-eko lagunei eskatu genien backstageko irudi batzuk hartzeko. Irudiak hartzen hasi ziren, nahastu... eta ordubeteko dokumentala osatu dute! Backstageaz gain, hainbat kazetari, idazle, musikari edota jarraitzailek Doctor Deseoren gainean duten iritzia jaso dugu.

Lanak baina, liburu formatua du.
Bai, horrela egitea erabaki dugu kultur produktuek egun duten %21eko zerga ekiditeko (liburuena %4koa da). Produktu ona egiteaz gain, zaleentzako ahalik eta eskuragarrien egiten saiatu gara, eta prezioa doitzeak badu bere garantzia.

Politikariak kultura zigortzen ari dira horrelako erabakiekin?
Astakeria bat da. Badirudi, eta uste dut ez dela irudipen hutsala, Madrilgo Gobernuak ezjakin manipulagarri koadrilak nahi dituela kalean. Ezin da justifikatu egun batetik bestera kulturaren BEZa %21era igotzea, Europako altuena. Erokeria bat da. Kulturak berez zailtasunak baditu, horrelako erabakiekin guztiz akatu nahi dute. Baina guk, eta gainontzeko eragileek ere, borrokan jarraituko dugu gauzak alda daitezen, indartsu.

Horrelako zailtasunek laguntzen dute, nolabait, lan hobea egiteko ahaleginean?

Baietz uste dut. Adibidez, BEZaren igoerak antzokietan egiten ari ginen biraren erdi-erdian harrapatu gintuen iaz, antzokiak hitzartuta genituela. Baina beti apustu egin dugu momentu gogorretan txikitu beharrean dena jokoan jartzearen alde. Gure kasuan, gauzak okertzen direnean aurrera egiteko modua dena ematea da. Zapalastekoa hartu behar badugu, izan dadila gorenetik.

Kontzertua ‘Busco en tus labios kantak’ zabaltzen du.

Kanta zaharra izan arren, letrak gaurkotasun handia duela konturatu ginen, eta berreskuratzea erabaki genuen. Sekulako astinaldia eman diogu, eta ia-ia kanta berria dela esan daiteke. Estudioan askoz gehiago kostatu zaigu kanta hau borobiltzea bi kanta berriak baino. Tonuz eta egituraz aldatu dugu, gaurkotu. Eta hasieran mugarri izan zen hura, hasiera berri honen mugarri ere izan dadin nahi dugu, kontzertuak energia bereziz hasteko modu bat.

Kanta berrietako batean, ‘Aunque aún siga siendo de noche’ kantan, zera diozue: "Politikari ustelak, arimarik gabeko bankariak, Alibaba eta bere 40 lapurrak..."
Onartzen dut, kanta horren letrari dagokionez, zuzen-zuzenean panfletora jo dugula. Izan ere, guztiok hain nazkatuta gaude, kabroiak esateko beharra sentitzen dugula. Noski, kexatzeaz aparte gauzak egin behar dira, onartu ezin daitezkeen gauzak aldatzeko. Baina batzutan beharrezkoa da kabroiak oihukatzea.

Zu ‘frontman’ bezala ezaguna zara taulagaineko transformazioagatik, eta aldaketa horretan berebiziko garrantzia dute kolore beltzak eta gorriak. Arrazoirik badu?

Nahiko irrazionala da. Analisiak esango luke gorria beti lotzen dela pasio eta intentsitatearekin, eta debekatutakoarekin. Baina nire kasuan ez da bilatutako zerbait. Hala ere, egia da gorria umetatik gustatu izan zaidala. Adibidez, ez nuen panpinekin jolasten, baina atzazkalak bai margotu izan ditut gorriz, betidanik. Eta gaztetan deskubritu nuen gorriak ezpainetan duen indarra, trabestiak ikusita. Batez ere gogoan dut 70eko hamarkadan Bilbon zegoen auzo txinatarrean aritzen zen Colorines. Liluratu egiten ninduen transformismoaren mundu hark, momentu berean samurrak eta basatiak izateko duten gaitasunak. Gero gerra osteko kabaret alemaniarra ezagutu nuen, Kürt Weill, adibidez. Horiek guztiek markatu ninduten, eta argi dago kabaretaren beltzak eta gorriak eragina izan dutela.

Talde gazteek ez diote hainbeste garrantzia ematen transformatze horri? Kontserbadoreagoak gara?

Transformazioa, estetikak baino gehiago, jarrerak eragiten du, taulagainean erakusten duzun jarrerak. Egia da azken urteetan talde gazte asko atera direla soinu aldetik ideia berritzaileak izan dituztenak, baina agian, jarrera indartsurik ez zutenak. Baina hori, oraintsu, aldatu egin da. Belako da horren adibide garbia. Zazpi kontzertutan ikusi ditut, eta ikaragarria da adingabeak zirela hasi zirenetik nolako garapena izan duten. Gaur egun eszenatokia jan egiten dute, sekulako pasioarekin aritzen dira. Nik pertsonalki ezagutzen ditut, eta harrigarria da taulagainean nola aldatzen diren, hain indartsu, jarrera oso ludikoarekin, eta hori ere gurea bezalako metamorfosia da, estetikari hainbeste erreparatu ez arren.

80ko hamarkadatik fidel zaizkizuen jarraitzaileez gain, gazteak ere izaten dira zuen kontzertuetan, ezta?
Hasierako jarraitzaileetako baten bat bizirik dago oraindik, bai (barrez). Egia esan, harritu egiten nau lehenengo lerroetan 19-20 urteko jendea ikusteak. Ez naiz zergatia azaltzeko gai. Guk ez dugu inoiz musika adin jakin bateko jendearentzat egin. Oso garrantzitsua da belaunaldi berriek gure musikarekin konektatzen dutela ikustea, entzule gazterik izango ez bagenu, nostalgiaren parte izango baikinateke.

Oro har, nola ikusten duzu euskal gazteria?
Nire belaunaldiko edo ondorengoetako jende askok tontakeria asko esaten du, egungo gazteak despistatuta daudela edo apatikoak direla, adibidez. Ergelkeriak! Nik kontrakoa diot. Nire ustez, gazteak inoiz baino gogo gehiagorekin ari dira aldizkari, blog, irrati eta mugimendu alternatiboak aurrera eramaten. Are gehiago, gu Frankorekin jaio ginen, eta diktadore bat aurrean duzunean erraza da horren kontra motibatzea, loturak apurtzen saiatzea. Baina halakorik gabe, edo txarrago, belaunaldi berriei eman zaien gainbabesaz haratago, egungo gazteak oso indartsu daude. Musikaren alorrean, adibidez, herrialde honetan inoiz ez da gaur egun dagoen beste kalitate eta sormen izan. Noski, garai guztietan bezala, ergelak orain ere badaude, gazte anestesiatu eta hilak, baina paternalismoari aurre egin eta gizartea eraldatzeko proiektu indartsuak gauzatzen ari diren gazte asko dago.

Zuek norbanakoen sentimenduez hitz egiteagatik ezaugarritu zarete. Sentimenduei gero eta gehiago erreparatzen dio gure gizarteak?
Hein batean aldaketa bat ematen ari dela esango nuke. Gure gizarte patriarkalean sentimenduak emakumeen kontua direla saldu izan zaigu, eta gizonezkooi erakusten zitzaigun ezin genuela negarrik egin. Zorionez, gauzatzeko bidean diren iraultzen artean, iraultza feminista izan da azken mendean aurrera gehien egin duena. Eta ondorioz, gizonezkoen artean ere aldaketa nabarmenak jazotzen ari dira. Emozioak askoz garrantzitsuagoak dira testosteronaren eraginak baino, gorila asko oraindik solte ibili arren. Ehiztariak jada ez du zentzurik, eta nahiz eta genetikoki oraindik eraginak izan, tribuaren kudeaketa emozionalean ematen ari diren aldaketak garrantzitsuak dira.

Euskal Herrian musika espektro guztia hartzea kostatu egin zaigu?
Egia da urte luzez gauza itxi samar egon dela, baina azkenaldian mugimendu asko egon da. Gaur egun, goi mailako hip-hopa entzun genezake hemen, goi mailako musika elektronikoa, era guztietako indie musika, psikodelia, metala, pop musikan erreferente diren taldeak... El columpio asesinok, adibidez, azken diskoarekin eta Toro kantarekin moldeak apurtu zituen iaz, edota Zea Maysek urteetan ekinean aritu ostean, sekulako jauzia eman du. Eta zer esan Belakori buruz. Hasi eta batera jauzia eman, eta lehen mailan daude, leku guztietan agertzen dira, eta jendea erakartzeko gaitasun itzela dute. Horrelakorik ez da gertatu Kortaturen garaitik. Lehen ere izan dira talde berritzaileak, baina ez dute engantxatzeko gaitasunik izan, eta oraingo taldeek badute.

Inor gutxik ezagutuko du Bilbo zuek baino hobeto. Iritzi orokorra da Bilbo ilun eta zikinetik garbi eta disdiratsura pasa garela. Baina Bilbo hobea dugu?
80ko hamarkadako Bilbo oso gogorra zen, 300.000 biztanleko hiri batean gauetik goizera 50.000 langile kalera joan ziren, eta hiria ia pikutara joan zen, perspektiba oso txarrak zituen. Beraz, onartu behar dugu gauza batzuk ondo egin zirela. Nik Guggenheim museoa asko kritikatu nuen bere garaian, baina egia da gaur egun inoiz baino areto alternatibo gehiago dagoela hirian. Beraz, ez du soilik mainstream eta gauza ofizialak bakarrik areagotzeko balio izan, baita kontu alternatiboak ugaritzeko ere. Orain Bilbo Zaharrean denda pila bat dago, mugimendu pila bat. Transformazio bat egon da. Pixka bat ñoñoagoak bihurtu garela? Baliteke, baina horrek ere espabilaraziko gaitu. Era berean, beste gauza asko oso txarto egin dira. Sekulako astakeria izan da, adibidez, Errekaldeko Kukutza gaztetxearen itxiera. Hori astakeria historikoa izan da, eta konparaziorik gabeko ergelkeria bezala gogoratua izango da.

‘La chica del Batzoki’ da zuen kanta klasikoetako bat. Gure gizartea oraindik blokeetan banatuta dago?
Baliteke, baina normala ere bada, oso garai zailetatik gatoz eta. Hala ere, aldaketak abiadura bizian izaten ari direla uste dut. Nik azken hauteskundeetan Bilduko mutilak PPko neskei begiradatxoak botatzen ikusi nituen nire auzoan. Aldaketa hasita dago, eta uste dut telebistak kontatzen diguna baino arinago doala. Ez dut egoera politegi marraztu nahi, baina gizartea aurrera doa, eta PPk presioa egiten dion eskuin mediatiko hain indartsua izango ez balu, are azkarrago joango litzateke. Adibidez, espero dut presoen kontuan eta beste hainbat kontutan al­daketak laster etorriko direla. Bide batez, sei urte daramatzagu zuzenean La chica del Batzoki jo gabe, eta aurten bertsio oso berezi bat joko dugu.