Dock of the Bay jaialdiak lehiaketarako Film Laburren Atal berria izango du

Dock of the Bay Musika Dokumentalen Donostiako Zinema Jaialdiak itxi ditu dagoeneko hamalaugarren ediziorako egunak. 2021eko ekainaren 7tik 12ra egingo da, Trueba Zinema-aretoetan eta Principal Antzokian.
Jaialdiak eman ditu ezagutzera Film Laburren Lehiaketarako Atalaren Epaimahaikideen izenak. Honako hauek osatuko dute: Niño de Elche izenaz ezaguna den Paco Contreras diziplina anitzeko artistak; Lois Patiño zinemagile eta artistak; eta Maialen Beloki Donostiako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren zuzendariordeak.
Epaimahaikideen izenak iragartzeaz gain, Jaialdiak Film Laburren Lehiaketarako Atal berria izango duela ere iragarri dute antolatzaileek. Jaialdiak fikziozkoak ez diren lanen artean gero eta ohikoagoak diren era horretako lanengandik hurbil egon nahi du, eta nazio zein nazioarte mailako lan interesgarriak jasotzea espero du. Atal horren Epaimahaia osatuko dute Xabier Erkizia musikagile eta arte-ekoizleak, Marina Lameiro zinemagileak eta Kimuak egitasmoaren koordinatzaile Esther Caberok.
Jaialdi presentziala izan nahi du Dock of the Bay jaialdiak. Eva Rivera Jaialdiaren zuzendariak zera adierazi du: "Inguruabar zail hauetan lanean ari gara, Jaialdiaren inguruan sortutako komunitateari eusteko, eta Jaialdia modu presentzialean ospatzeko. Musika- eta zinema-zaleen topaleku da Dock of the Bay, eta zentzu horretan lan egingo dugu, mugak ditugula jakinda". Bere jendarteari eta donostiar guztiei modu seguruan eta segurtasun- eta higiene-neurri guztiak errespetatuz parte hartzeko deia egin nahi die Jaialdiaren antolakuntzak.