Do you speak english?

Do you speak english? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/do-you-speak-english/@@download/image/38p24-1.jpg
2004/02/06
erreportajea
Do you speak english?
Atzerrira hizkuntzen bat ikastera joan nahi duzu? Bada, garaiz zabiltza, izan ere, au pair gisa eta hoteletan aritzeko izen emateko epea zabalik da, agentzietan.

Asko dira hizkuntzen bat ikasi nahi eta udan zenbait hilabetez atzerrira joan ohi diren gazteak. Gehienek ingelesa ikasi ohi dute, eta Ingalaterrara eta Irlandara joan ohi dira —AEBetara joateko baldintzak zorrotzak dira—. Dena dela, bestelako herrialdeetara joateko aukera ere bada: Alemania, Austria, Kanada, Frantzia… Gazte batzuk bere kasa joan ohi dira. Hala ere, gehienak agentzia batera edo erakundeek horretarako abian dituzten zerbitzuetara jotzen dute, bidaia egin aurretik guztia lotuta izateko: lana, eskola eta abar. 18 eta 26 urteko gazteak dira, eta hizkuntzen bat ikasi nahi dute. "Gainera, egonaldian lan egin nahi dute, gastuak ordaindu ahal izateko. Zenbait aukera dago horretarako, baina au pair gisa aritzea edo tabernetan edo jatetxeetan jardutea da ohikoena", esan digu Eward Faganek, Parlance hizkuntza eskolako irakasle irlandarrak. Au pair programak dituzte Parlance-n.

Etxetik kanpora
Esan bezala, atzerrira joandako gehienen erronka nagusia hizkuntza ikastea da —jakina, beste herrialdeetako neska-mutilak, parrandak eta kulturak ere interesa pizten dute—. Zure asmoa ikastea bada, au pair gisa aritzea da onena adituen arabera. "Au pair gisa ari direnek denbora gehiago dute eskolara joateko eta lagunak egiteko. Hori bai, au pair gisa aritzeko eskaintzen %1 baino ez da mutilentzat", esan digu Fagan-ek. Aldiz, asmoa ingelesa pixka bat praktikatzea eta gurasoen kontrol zorrotzik gabe bolada batez bizitzea bada, ostalaritzan jardutea da komenigarriena. "Gehiago ordaintzen dute, ez zaude familia baten etxean, eta ez zaude klaseetara joatera behartuta", esan digu Parlance-ko irakasleak. Au pair eta ostalaritzaz gain, badira beste aukerak: auzolandegiak, ikasle trukaketak eta kanpamentuak, kasu.

Burua ondo prestatu
Gure herria utzi eta beste batera jo, hizkuntza ondo menperatu gabe. Abentura dirudi, eta 'abenturazalea' ondo prestatuta egotea ez dago soberan, ezustekoa galanta izan daiteke-eta. "Heldu arte ez dakizu zer topatuko duzun. Guk informazio gutxi jaso genuen behintzat. Ni Alemaniako auzolandegi batean egon nintzen parkeak garbitzen. Esperientzia polita izan zen, baina arazoak sortu ziren elkar bizitzan, lan taldeak orekatuak ez zirelako", esan digu Nerea Etxebeste donostiarrak. 

Iritzi berekoa da Fagan ere: "Gazteak zertara doan jakin behar du. Esaterako, garbitzaile gisa joandako gazte batek haserre hots egin zigun, komuna garbitzera behartu zutelako.Jakina, hotel batera garbitzaile gisa joanez gero, komuna garbitzea egokitu dakizuke. Gazte asko oso xaloak dira".

Etxera pozik
Edozein kasutan, nahiz eta estualdiren bat jasan, gazte gehienak pozik etxeratu ohi dira: "Ni Irlandan izan nintzen bi hilabetez au pair gisa. Ez zegoen ondo ordainduta, eta familia mendian bizi zen. Hori dela-eta, parranda gutxi egin nuen eta ez nuen bertako jende askorik ezagutu. Hala ere, gustura aritu nintzen", esan digu Amaiur Loidi lizarratarrak. Okerrena zer da? "Mutil irlandarrak ez dira oso politak, gauzak garestiegi daude, eta janaria ez da oso ona. Hala ere, janariarekin nik zortea izan nuen, izan ere, familiako gurasoak oso sukaldari onak ziren", dio Loidik. Badakizu beraz, ahal duzun guztia aurreztu, errezeta liburua erosi eta mundua ezagutzera.

Zenbait argibide


Hona hemen atzerrian zauden bitartean aparteko sos batzuk ateratzeko aukera arruntenak. Ohea, janaria eta soldata eskainiko dizkizute.

Au Pair
-Zer egingo duzu? Haurrak zaindu eta etxeko lanak egin.
-Lan baldintzak: 30 ordu asteko, bi jai egun. Bataz beste, 65 euro asteko.
-Iraupena: Udan, bi eta hiru hilabeteko egonaldiak. Urtean zehar, sei hilabetekoak eta urtebetekoak.

Ostalaritzan
-Zer egingo duzu? Tabernari, zerbitzari, sukalde laguntzaile edo garbitzaile gisa ariko zara, hoteletan, tabernetan eta jatetxetan.
-Lan baldintzak: 40 ordu asteko, hala ere, aparteko orduak egin daitezke. Bi jai egun asteko. Batez beste 170 euro asteko.
-Iraupena: Gutxieneko egonaldia hiru hilabetekoa da, eta gehienera ere, urtebetekoa.