Do it your self

Do it your self https://www.gaztezulo.eus/albisteak/do-it-your-self/@@download/image/20096224545ziar_1362691282.jpg
2009/06/05
erreportajea
Ziargi Etxarte Moreno
"Orrialde bakoitza indarrez ireki behar da. Utziozu istorioak kontatzeari, bizi itzazu. (...) Goizak gorroto ditut, zentzuzkoa denaren bat bateko esnatzea.


"Ebidentzietara errenditzeko momentua, etsaiaren aurrean errenditzen garen moduan.(...) Gure ametsak fantasia bihurtzeko momentua, nahiz eta errealitatean, gure bizitza diren.(...) Ez naiz eguzkia irteten den momentuaz ari. Orduak, argiak edota dendak irekiak dauden ez dauka garrantzirik."  

Ez dut goizen aurkako hitzik esango, ez behintzat alferkerian babestuz. Ausartak izateko gonbitea luzatu nahi dizuet, bizitza berri bat hartzeko, ez onartzeko, gonbitea.

Oparotasuna eskubide bihurtu digute, eta dugu. Autoak eman dizkigute, etxez aldatu nahi eta txaleta eman digute, eguberritarako langostinoak prestatu dizkigute, Cancunerako bidaia eskubide bihurtu eta eman digute, semearentzako motorra behar bihurtu eta eman digute. Baina hainbeste "askatasun" eta hainbeste "eskubide" eman dizkigute ez garela konturatu, egitan, gure bizitza hipotekatu digutela horren kontura.

"DADAk iratzargailuetan kaka egiten du. Gure ametsen errealitatea, errealitatearen amesgaiztoaren aurka.(...) Ez zaitez lanera joan. Ez zaitez ezkondu."

"Ez digute inoiz ezer emango ez badiegu beraien eskuetatik kentzen", Markos komandanteordeak zioen. Hori da nire proposamena bizi naizen Bartzelona honetatik. Eta beraien petatxuak itxoiten egon beharrean saia gaitezen hainbeste diru, auto eta etxe eduki beharrean, bizitza duin bat bilatzen. Eta etxe propiorik emango ez badigute ere, etxe hutsak guk ireki zain daude; hipotekatuek utziozue ordaintzeari eta bizi, asko zarete eta ez dira ausartuko; saia gaitezen gure etxeetatik hasi eta zeruraino beste errealitate bat eraikitzen.

"Zein auto daukazu?" galdera derrigorrezkoa den garaiak ahaztu ditzagun eta eraiki laguntasunez eta emankortasunez beteriko zubiak. Pobre, hipotekatu, gazte, ikasle, etorkin, okupa, langile eta langabeek zerbait daukagu bidea xamurtzen diguna: gutxi daukagula galtzeko eta gutxi irabazteko ere. Baina irabazitako gutxi horrek balio izugarria izan dezake: bizitzan erabakitzeko eskubidea.

"Eroa al nago? Eta zu? Zatoz, maite zaitut."

(Zitak Dada Manifestutik hartu ditut)