DJ-en historia harrigarria

DJ-en historia harrigarria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/djen-historia-harrigarria/@@download/image/60p10-1_1365764319.jpg
2006/02/03
erreportajea
Aritz "Sound System"
Dj-a. Azken urteotan askotan entzun dugun hitza da. Dantza musikarekin erlazionatu ohi da, eta topikoz beteta dago. Euskal Herrian Dj fenomenoa berri samarra dela esan daiteke, eta orohar, nahiko ezezaguna da. Datozen lerroetan, Dj hitzaren inguruan egindako hausnarketa batzuk irakurri ahal izango ditugu. 

Dj-a. Discjockey-a ala disko-jartzailea? Jamaikarrentzat, sound system edo dantzaleku mugikorretan, mikrofonoa eskuetan duela, jendea zirikatu eta animatzen duena da Dj-a. Hitz jario musikatu eta, neurri handi batean, bapateko hori, reggae musikaren azpi-estiloa bilakatu da. Gurean, berriz, bestelako esanahia du: askorentzat, diskoteka ilun, ketsu eta "kutreetan" bakailaoa pintxatzen duen drogadikto "pastillero" nazkantea da Dj-a. Beste askorentzat, aldiz, Dj-a jainkoa da: "Bart Dj-ak bizitza salbatu dit", diote askok.

Gure morroi hura
60ko hamarkadako festa edo guatekeetan, neskekin ligatzen ez zuena arduratzen zen musikaz. Festetan, neskekin arrakastarik ez zuen mutil "tonto" eta "itsusia" zen kantuak jartzen zituena. Hasieran, musika-jartzaile gizajo hark, festa egiten zen etxe hartako singleak erabiltzen zituen (garai hartan iraupen luzeko diskorik ez zegoen oraindik), eta festa asko luzatzen bazen, kantuak behin eta berriro errepikatu behar zituen.

Morroi hark neskekin zereginik ez zuenez, denbora nolabait betetzearren, diskoak jartzeko erarekin jokatzen hasi zen. Disko bat bukatu eta bestea jarri bitartean, isilunea izaten zen, eta jendearen haserrea jasan behar izaten zuen gaixoak. Neskekin zereginik ez zuenez, diskoak erosteko erabiltzen zuen oparietan, zinemarako sarreretan, edota gozoetan gastatzen ez zuen dirua. Beraz, disko sorta ederra osatzen joan zen pixkanaka, eta orain, bere diskoak eramaten hasi zen guatekeetara.

Teknologiari esker bi disko batera jartzeko aukera izan zenean, gauzak aldatzen hasi ziren. Eskuak libre zituenez, diskoekin malabareak egiten hasi zen, eta pixkanaka, jendearen arreta lortzen joan zen (baita nesken arreta ere!). Guatekeetako mutiko aspergarria festetako protagonista bilakatzen hasi zen, hain zen barregarria.

Dj God

Gaur egun, berriz, hori uste dute askok behintzat, neska guztiek Dj-arekin ligatu nahi dute. Eta horrexegatik, mutil askok Dj izan nahi dute, neskekin errazago ligatuko dutelakoan (zergatik dira beti mutilak Dj-ak?). Interesgarria da, ezta? Dj-a festetako erregea da. Guztiek izan nahi dute Dj-aren laguna. Dj-a, festarako musika onena jartzeaz gain, festako txistosoena da. Aktualitateko edozein gai menperatzen du, eta arrazoi du beti.

Beste hainbeste gertatzen da Dj-ak musikaz hitz egiten duenean: berak du azken hitza. Dj-ak, inor baino gehiago daki gai horretaz; estilo berrienak ezagutzen ditu (hizkuntza asko menperatzen ditu, eta estiloen izen exotikoak primeran ahoskatzen ditu). Dj-ak ez du modan dagoena jartzen, berak pintxatzen duena dago modan. London, Paris, Lisboa, New York eta Tokiora joaten da musika erostera, eta beti erosten ditu disko onenak eta merkeenak (besteentzat disko arraro eta garestienak dira, noski).

Zein da Dj-ari inoiz egin behar ez zaion galdera? "Talde, disko edo kantu hau ezagutzen al duzu?". Erantzuna baiezkoa izango da beti. Nola edukiko dut nik Dj-ak ezagutzen ez duen talde, disko edo kanturik? Dj-aren fonoteka izugarria da. Zuk ehun disko badituzu, berak berrehun ditu. Eta zuk berrehun badituzu, berak mila ditu (irribarre batez esango dizu, gainera). Urteetan saiatu arren, ez duzu inoiz berak baino disko gehiago edukitzea lortuko. Eta kopurua ez da garrantzitsuena. Ziur berak beste inork ez dituen edizio bitxiak dauzkala. Orijinalak, eta taldeko kideek sinatutakoak -sinatutakoan, disko azalaren gainean eroritako kafe zipriztina eta guzti!-.

Dj Makina

Musikaz gain, Dj-ak derrigorrez jakin behar du musika aparatuez; edo behintzat, itxura hori eman behar du. Horretarako, ezinbestekoa da hiztegi aberatsa edukitzea. RCA, Canon eta Jack dira Dj onaren hiztegian falta ezin diren hitzak. Eta horiez gain, beste hauek ere ibiliko ditu ahoan: biniloa, orratza, adaptadorea, monitorea, ekualizazioa, grabea, ertaina, agudoa, pitch, crossfader, ganantzia, aurre-entzuketa,  mp3, wav… eta abar. Noizko Dj-aren hiztegia?

Dj-ak egun osoa kable artean ematen du, eta ziur ahalik eta etekin handiena aterako diola soinu ekipo kaskarrenari ere. Eta zer esan ezinezko konexioez? Ezinezko lotura duten konexioei loturak bilatzen, oso trebea da Dj-a. Dj magoa.

Hauxe da Dj-aren mundua hobe ezagutzeko oinarrizko gidaren lehen atala. Hurrengoan, besteak beste, Dj Sikologo, Dj Droga eta Dj Negozio gizon ezagutuko ditugu. Festa perfektuaren bidean aurrera pauso berria. Zer da Dj on bat? Jende asko erakartzen duena? Jendeak entzun nahi duena jartzen duen hori? Datozen GAZTETXULOn balizko erantzunetako batzuk.