Dj Axular: technoa ihesbide

Dj Axular: technoa ihesbide https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dj-axular-technoa-ihesbide/@@download/image/37p10-1_1368533368.jpg
2004/01/02
erreportajea
Asier Mendizabal
Dj Axular: technoa ihesbide
Technoa eta perkusioa nahastu ditu Axular DJ-k estreinako diskoan: "DJ Axular". Gaur egungo musika elektronikoa gaur egungo gazteentzat.

Axular Arizmendi Mutrikuarra txikitatik hasi zen perkusioa jotzen, herriko bandan, eta perkusio ikasketak ere eginak ditu. Gaztaroan, dantzalekuetara hurbiltzearekin bat, techno-aren arloan sartzen hasi zen, eta horretan dihardu: igandero Itziarreko Txitxarro dantzalekuan topa dezakegu musika jartzen eta perkusioa zuzenean jotzen. Dena den, musika jarri eta perkusioa jotzeaz gain —Pin Pan Pun taldean ere ari da—, sortzailea da Axular. Duela zenbait urte ekipoa erosi,  lokal bat lortu, eta hementxe dugu bakarkako bere lehen diskoarekin. DJ Danger-ekin batera beste disko bat atera zuen aurretik, baina berak konposatutako kantuak bildu ditu estreinako lanean.

Ausardia eta berrikuntza

Techno progressive izeneko estiloari heldu dio Axularrek, ukitu etnikoekin, izan ere, perkusioek indar handia dute. Ausarta da Mutrikuarra, nezkez aurki baitaiteke estilo horretako sorkuntza lanik gurean. "Euskal Herrian hamar urteko atzerapena daramagu AEBekin alderatuz gero. Hala ere, gutxinaka tarte hori txikitzen ari gara, naiz eta beti ibiliko garen atzetik", esan digu Axularrek. Lan honek berrikuntza ekarri nahi du gurera, Mutrikuarrak dioenez.

Sei kantu bildu ditu, herrian duen estudioan grabatutakoak guztiak, eta aparteko kolaboratzaileen laguntza izan du: Etsaiak-eko Auo, Parasmako Toki, bere arreba Garoa...   

Musikarekin sentimenduak adierazi nahi ditu Axularrek. "Hala ere, ahotsak bigarren mailan ageri dira diskoan, apaingarri gisa. Musika instrumentala da nire ihesbidea", esan digu.

Eta nola moldatzen da bere emanaldiak Pin Pan Pun taldearekin bateratzeko? "Egun berean bi emanaldi izanez gero, oso gogorra da. Nahiago dut egunean emanaldi bakarra izatea ondo egiteko".