Dispo, argazkiak "txarrak" bilakatzen dituen modako sare soziala

Dispo, argazkiak "txarrak" bilakatzen dituen modako sare soziala Ongi etorriak Tuenti garaiko argazki desastreen nostalgiara. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dispo-argazkiak-txarrak-bilakatzen-dituen-modako-sare-soziala/@@download/image/dispo-app.jpg
2021/03/05
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Ongi etorriak Tuenti garaiko argazki desastreen nostalgiara.
Dispo, argazkiak "txarrak" bilakatzen dituen modako sare soziala

Duela urte batzuk, sare sozialetan partekatzen ziren irudiek ez zuten filtrorik; alderantziz, naturaltasuna errege izan ohi zen; argiztapen txarrekoak, flash-arekin eginak, parranda giroko keak lausoturiko banpiro aurpegi zuri eta mozkorrak erakusten zituztenak... Denborarekin eta Instagramen filtroen sorrerarekin, naturaltasun hori desagertzen joan da, eta egun zaila da aurpegi txar bat topatzea jendeak igotako argazki perfektu eta zoriontsuen artean.

Baina pandemiak parranda garaiak gogoraraztera eraman gaitu, eta garai batean guztiz baztertu genituen parrandako argazki "penagarri" horiek benetako zoriontasunaren isla bilakatu dira. Gauzak horrela, modan jarri da Dispo izeneko sare sozial berria; hain zuzen, sare honek gure argazkiak "txarrak" egiten ditu, irudia desenfokatuz, argiztapena okertuz, eta orokorrean, parrandan ateratako giro nostalgiko hori imitatuz.

Aplikazioak erabilera bakarreko argazki kameren kalitatea imitatzen du; gogoratzen kartoizko karretedun kamera horiek, behin argazkiak aterata eta errebelatuta zaborretara botatzen zirenak? Bada argazki estilo hori imitatu daiteke Disporekin. 

Soilik hilabete batzuk daramatza Dispo martxan, eta dagoeneko 200 mila dolarreko balioa eskuratu du. Sekulako arrakasta lortu du, Silicon Valleyn; gainera, ClubHousen moduan, soilik gonbidapen bitartez sartu daiteke bertan; gauzak horrela, famatuak eta dirudunak izan dira sare soziala probatzen lehenengoak. Dena den, badirudi esklusibotasun hori laster amaituko dela. 

David Dobrik da sare honen sortzaileetako bat; Youtuben 18 milioi jarraitzaile ditu, eta azaldu duenez, 90eko hamarkadako parranda garaiko argazkiak imitatzea da sare honen helburua: Gauzak horrela, argazkiak ateratzeko orduan soilik flash-a eta zoom-a dira agertzen diren aukerak; ez dago filtrorik edota argazkiak hobetzeko bestelakoa aukerarik. Laburbilduz, Instagramen kontrako sarea litzateke; argazkiak hobetzeko tresnak eskaini ordez, argazkiak okertzeko aukera eskaintzen du.