Diseinuzko tabernak

Diseinuzko tabernak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/diseinuzko-tabernak/@@download/image/2011347840fertx_1361529971.jpg
2011/03/04
erreportajea
Fertxu Izquierdo


Gero eta diseinuzko taberna gehiago irekitzen ari dira gure hirietan. Iruñeko Alde Zaharrean, esaterako, bizpahiru berri ikusi ditut azken hilabete hauetan. Modernoak izaten hasi omen gara?

Halakoak Bartzelona edota Madril bezalako hirietan ikusiak ditugu, gehienbat. Itxura atsegina daukate eta, Bartzelonan egonda, halako taberna modernoen giroa nahi duzu zure hirirako ere. Bai, alde positiboa ikusten diet. Nolabait, taberna horiek berreskuratu dute lagun artean egoteko gogoa, hizketan, trago batzuen artean, eta ez telebistari (futbolari batez ere) begira (nahiz eta batzuetan wifia telebistaren parekoa izan).

Baina ez dakit, taberna-tranpak edo antzeko zerbait direla hasi naiz pentsatzen. Zer dela eta? Duela gutxi Iruñeko Alde Zaharrean horietako batera sartu nintzen, ezagutzera. Kafe goxo bat hartu eta prentsa irakurtzeko asmoz. Tabernara sartu, leku atsegina ikusi, dekorazio modernoa, hau eta bestea. Kafea eskatu, mahaira eseri eta txoko batean egunkari pila (ongi antolatuak) ikusi nituen. Hara hurbildu eta hau ezustekoa! Egunkari horien guztien artean hauexek zeuden: Diario de Navarra, El mundo, El país eta Diario de Noticias… Nolabait harriturik geratu nintzen. El mundo eta El pais bai eta Berria eta Gara ez? Iruñeko beste auzoren batean agian ulertuko nuke baina Alde Zaharrean ezin nuen ulertu Berria edota Gara taberna batean ez izatea. Are gehiago El mundo, El pais edo Diario de Navarra daukatenean. Orduan, beste begi batzuekin hasi nintzen taberna ikusten. Oso modernoa, oso ongi dekoratua baina… zerbait sumatu nuen faltan, egunkariez gain, jakina. Taberna osoan ez zegoen kartel bakar bat ere, ez pegatarik ez ezer… Eta hotza iruditu zitzaidan, auzotik kanpo egonen balitz bezala, beste dimentsio batean. Jakina da Iruñeko Alde Zaharra ekitaldiz beteriko auzoa dela eta, normalean, ekitaldi horien berri tabernetako kartelen bidez izaten dugu. Taberna horretan, ordea, auzoko bizitzaren islarik ez. Horregatik galdetu nion nire buruari: diseinuzko tabernak taberna-tranpa ote?