Dischord Records: 30 urteko independentzia

Dischord Records: 30 urteko independentzia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dischord-records-30-urteko-independentzia/@@download/image/93p46minort3.jpg
2009/02/06
erreportajea
Julen Azpitarte
Dischord diskoetxeak 30 urte beteko ditu laster. Minor Threat eta Fugazi taldeen lan guztiak plazaratu dituen diskoetxe hau eredu bilakatu da mundu osoko zigilu alternatiboentzat. Do it your self lelo ospetsuak Washington DC hirian du epizentroa: goazemank/n hara!

1980ko abendua: Washington DC, AEBetako hiriburua. The Teen Idles (1979-1980) hardcore/punk taldea banandu berria da. Ian MacKayek eta Jeff Nelsonek gidatutako talde horrek kontzertu ugari eman ditu urtebetean, eta 600 dolar aurreztu ditu. Taldea banandu egin da, baina, hala ere, diskoa argitaratzea da euren ametsa.

Kontua da, taldea deseginda dagoenez, arrunt zaila dela diskoetxe batek euren diskoa kaleratzea. Ondorioz, The Teen Idles-ekoek euren kabuz aterako dute diskoa: urtea amaitu baino lehen, kalean dute Minor Disturbance, zazpi kantuko ep-a. Ep horrekin batera, musika garaikidea markatu duen diskoetxea sortu dute Ian MacKaye eta Jeff Nelsonek: Dischord Records, independentzia musikalaren ikonorik handiena.

Dischord & Minor Threat

80ko hamarkada hasieran, Washington DCko punk eszena gori-gori dago. The Teen Idles deseginda, Ian MacKayek eta Jeff Nelsonek Minor Threat izeneko taldea sortuko dute. MacKayek baxua utziko du, eta kantatzeari ekingo dio; Nelsonek danborrak astintzen jarraituko du. Horrela sortuko da Minor Threat, urtez luzez Dischord diskoetxearen ikur nagusia izandako taldea, eta seguru asko, AEBek emandako hardcore talde garrantzitsuena, Bad Brains eta Black Flag taldeekin batera.

Bad Brains Washington DCko lehen punk banda izan zen; Black Flag, aldiz, Los Angeles hirikoak ziren, baina aurretik Washington DCko State Of Alert taldean aritutako Henry Rollins zuten abeslari (Rollinsek bakarkako bideari ekingo zion beranduago, Rollins Band taldean). Minor Threat taldeak gaur egun oraindik bikain saltzen diren hiru ep eta 12 hazbeteko bat, Out of Step, argitaratu zituen Dischord diskoetxearekin. Gaur egun, eskuragarri dago taldearen diskografia guztia biltzen duen CDa.

Washington DC soinua

Washingtongo punk eztanda hartan, makina bat talde agertu ziren: Goverment Issue, Faith, Void, Untouchables, Scream, Iron Cross, Deadline, Artificial Peace… mugimendu hura ezagutu nahi baduzue, eskura ezazue Dischord zigiluak 1982an argitaratutako Flex your head bilduma. 1985erako desagertuta zeuden talde gehienak, baina, hala ere, Scream eta Government Issue bezalako proiektuek 80ko hamarkada amaiera arte iraun zuten.

Belaunaldi indartsu haren ondorioz, Washington DCko mugimendua ospetsu egin zen punk-planeta osoan. Talde haiekin batera jaio zen Dischord Records, eta mugimendua hura jaso eta zabaltzea izan da diskoetxearen helburua. Hala izan da gaur arte.

Iraupenaren sekretua

Adiskidetasuna eta errespetua. Horixe izan da Dischord diskoetxeak bere katalogoko musika taldeekin izandako harremanaren funtsa, eta funtsa ez ezik, diskoetxearen iraupenaren arrazoi nagusia. Hasieran, diskoetxeak arazo ekonomiko larriak izan zituen, Dischordekoek arazo handiak zituztelako disko banatzaileengandik dirua jasotzeko. Ian MacKayek eta Jeff Nelsonek Ingalaterran aurkitu zuten konponbidea: Crass taldearen diskoak plazaratu zituen Southern Records (Londres) zigiluarekin harremanetan jarri ziren, eta Minor Threat-en Out of step Europan argitaratu zuten. Diskoak harrera aparta izan zuen Europan. Era berean, Dischord-ekoak biniloak Europan ekoizten hasi ziren, AEBetan baino merkeago ateratzen zitzaielako.

Urrats berriak

Une gogorrak gainditu ostean, 1985ean Dischord talde berriak plazaratzen hasi zen: Rites of Spring (Fugazi taldeko Guy Picciotto eta Brendan Cantyren lehen taldea), Gray Matter, Dag Nasty, Soulside, Kingface, Beefeater, Embrace… Talde horiekin, DC soinua etiketa sortu zen: Washingtong DCko taldeek garai bateko abiadura alde batera utzi, melodiari tokia egin, eta beste estilo batzuetara gerturatzen hasi ziren: reggaea, post punka...

Hasierako talde haietako kide askok, proiektu berriak sortu zituzten 80ko hamarkada amaieran:   Three, Shudder to think, Severin, Fugazi, Lungfish, Nation of Ulysses, One Last Wish, Ignition, Fidelity Jones, Jawbox... gehienek post punk estiloari heldu zioten, Joy Division, Wire, The Fall, Gang of Four, Mission of Burma eta antzekoen ildotik. Nortasun eta originaltasun handiko taldeak ziren, eta erabat finkatu zuten DC soinua.

Erraldoientzat goxokia

90eko hamarkadan, Nirvana taldeak eragindako lurrikararekin batera, multinazionalek Washington DCra jo zuten Seattleko hirukotearen mailara helduko ziren talde berrien bila. Izan ere, Nirvanako bateria, gaur egun Foo Fighters taldean ari den Dave Grohle, Dischord diskoetxeko Scream taldean aritu zen urtez luzez.

Multinazionalak Dischorden ate joka hasi ziren, eta dirua asko eskaini zuten Fugazi taldea kontratatzeko eta zigilua bera erosteko. Baina Fugazik eta Dischordeko kideek ezetz esan zieten multinazionalei, eta gauza bitxia gertatu zen, gainera: grunge mugimenduaren eraginez, mundu osoan interes berria sortu zen punk eta underground kulturaren inguruan, eta garai hartan, Dischordek inoiz baino disko gehiago saldu zituen. Hala ere, Jawbox eta Shudder to Think taldeek kontratua sinatu zuten konpainia handiekin, eta Dischord utzi zuten.

Eutsi eta aurrera!

90eko hamarkada amaieran, Washington DCko mugimenduak behera egin zuen. Ondorioz, Dischord bere inguruko beste zigilu batzuen diskoak banatzen hasi zen. XXI. mendearekin batera, gauzak ez ziren askorik aldatu: 2002an Fugazik jotzeari utzi zion, eta Washington DCko mugimenduak behera egin zuen.

Do it your self!

Dischordekin diskoak grabatu dituzten musikarien izenak aztertzen baditugu, izen bertsuak aurkituko ditugu etengabe. Hala ere, musikari eta talde horiek zahartu egin dira, eta apenas aurkitu dute ordezkorik. Black Eyes, Q and not You eta French Toast Faraquet dira bidea jarraitu zutenetako batzuk. Azken boladan, berriz, nabarmentzekoak dira The Evens (Ian MacKaye eta Ami Farinarenek sortutako egitasmo akustikoa), Medications (Faraquet-eko kide ohien jazz-rock taldea), edota Joe Lally (Fugaziko baxujole ohiaren bakarkako egitasmoa).

Gaur egun, Dischord bere katalogoko disko zaharrak biniloan berrargitaratzen hasi da, eta musika entzuteko modu berrietara egokitzearren, diskoetxeak zeharo berritu du bere webgunea. Nolanahi ere, sortu zenetik ia 30 urte igaro eta gero, zigiluak betiko filosofiari eusten dio: do it yourself! Mundu osoko ipurterreek jarraitzeko moduko adibidea da, ezta?

HAMAR EZINBESTEKO



•Minor Threat. Discography.
The Teen Idles, S.O.A., Youth Brigade, Government Issue.1981: the year in 7"s.
Faith/Void. Diskoa erdibana.
Scream. Still screaming.
Rites of Spring. Rites of Spring.
Embrace. Embrace.
Dag Nasty. Can I say.
Fugazi. Repeater.
Hoover. Lurid transversal of route 7.
The Pupils. The Pupils.

Aurreko diskoak lortzeko modurik ez baduzue, Dischord diskoetxeak bere 20. urteurrena ospatzeko argitaratu zuen CD hirukoitza eskura dezakezue: 20 years of Dischord.