Diktadorearen aurpegi iluna

Diktadorearen aurpegi iluna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/diktadorearen-aurpegi-iluna/@@download/image/2p32-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Jon Odriozola
Diktadorearen aurpegi iluna


Bere heriotza euskaldun askok eta askok cava edanez ospatu zuten arren, izan zen negar egin zuenik ere. Pertsona goraipatua eta gorrotatua. Zenbaitentzat aingeru guardakoa zenez, hamaika laudorioz goraipatu zuten: "Independentziaren caudillo-a (buruzagia)", "Cid-a bezalakoa, Espainiaren salbatzailea"... Gehienentzat berriz, Franco diktadore gordin eta krudela besterik ez zen izan.
Egungo gazte askorentzat, aldiz, Franco pertsonaia arrotza da, urrutikoa, ezezaguna. Hil zenetik ia mende laurden igaro da jada: datorren azaroaren 20an hogeita bost urte beteko dira. Ahots kaskarreko galiziarrak, ia 40 urtez, Espainia eta Hego Euskal Herrioa zorrotz "gidatu" zituen.
Francisco Paulino Hermenegildo Teodulo Franco Bahamonde, bost anai-arrebetan bigarrena, 1892ko abenduaren 4an jaio zen El Ferrolen. "Franquito" gazteak mirespen handia izan zion Pilar amari. Bere eraginez, hezkuntza arrunt katolikoa jaso zuen. Nicolas aita, berriz, elizaren kontrakoa, andrezalea eta zurruteroa, Francok ezin zuen parean ikusi ere egin.  
Francok Toledoko Akademia Militarrean egin zituen ikasketak 1907tik 1910era bitartean eta ez zen puntako ikaslea izan. Bere promozioan, 312 ofizialetatik 251. sailkatu zen. Ez zen azkarregia, antza.

Marokoko gerra gora egiteko eszenatoki aparta izan zen galiziarrarentzat. Hogeita lau urterekin Espainiako ejerzitoko komandanterik gazteena bihurtu zen. Espainian batzuek heroitzat jo zuten, baina, gudarien artean buruzagi gogorraren ospea zuen eta beldurra zioten. Zenbait adituren aburuz, ez zen oso estrategi militar ona. Lotsatia, serioa, puritanoa, egozentrikoa, barnerakoia, geldoa, eta hotza baizik.

Milaka hildako eragin zituen Espainiako gerraren amaieraren ondoren,  1940tik zendu zen arte, udaldiak Donostian pasa zituen. Hasieran Miramar jauregia begiz jo bazuen ere, Erret Familiarena zenez, Aieteko jauregian hartu zuen ostatu: etxea hainbat erbesteraturen ondasunekin hornitu zioten.
Sasoi hartan Kontxako estropadetako irabazleari bandera Francoren "Azor" itsasontzian ematen zitzaion. Ia lau hamarkadetan, sasipropagandarako aproposak izan ziren iraileko lehen bi igande horiek. Diktadorea badiarantz kotxean zihoala, ibilbidean lau katuk soilik goraipatzen zuten. Dena den, kaian jende andana egon ohi zen Francoren zain. Horretarako, ordea, antolatzaileek ezinbestekoa zuten musutrukeko ogitartekoen laguntza.
Amaren egunkari kuttuna zenez, eta hamaika laudorio eskaintzen zionez, Francok "Abc" irakurtzen zuen. Egunkari hau izan zen, lehen aldiz "caudillo" ezizena jarri ziona, Afrikako gerran egindakoagatik. Franco gehien goraipatu zuen Abc-ko kazetari sutsuenetako bat Manuel Aznar izan zen, Jose Maria Aznar Espainiako egungo presidentearen aitona.   
Zezenzalea izateaz gain, musean eta dominoan jokatzea ere oso gogoko zuen. Era berean, arrunt futbolzalea zenez, Real Madriden balentriekin izugarri gozatzeaz gain, kiniela egile zorrotza genuen. 1967ko 36. ihardunaldian plenoa asmatu eta milioi bat pezeta eskuratu zuen. Zinezalea, astean behin, gutxienez, filme bat ikusten zuen, westerna bazen, hobe! Uste dugunez, ez zuen pornoa maite.
Hala ere, arrantzean eta ehizean egitea bezalakorik ez! Ehiztari amorratua zen eta 1954ko udazkenean, egun batzuren buruan, 6.000 kartutxo erabili zituen eperren ehizaldi batean. Arrantzan ere nahiko "iaioa" zen. "Azor"  itsasontzian hegaluze edota ezpatarrainen atzetik ibiltzen zen, baita ibaietan ere amuarrain eta izokinen inguru-marian. Diktadorea esku hutsik etxera joan ez zedin, hortxe ibiltzen ziren Icona-ko langileak aldez aurretik hegazti eta arrainez bazterrak hornitzen. Sekulako mirariak gertatzen ziren arrantzaldi eta ehizaldi haietan!
Frankismoa Francorekin hil zela esan ohi da. Hala ere, aldez aurretik, Espainiako hogei bat komentutako Ohorezko Priorea eta baita estatuko udal gehienetako Seme Kuttunak, 1969ko uztailean, Juan Carlos Victor Maria de Borbon, Espainiako egungo erregea, oinordeko izendatu zuen.  
Ordurako Frankismoa pitzatzen hasia zegoen eta kantu zaharrak dioen bezala, "usteltzen hasia dagota, laister eroriko da...". 1975ko azaroaren 20ko 04.20etan, Madrilgo La Paz erietxean, kable eta sondaz josiriko agureak arnas hartzeari utzi zion. Gau hartan ez zen miraririk izan. Eskerrak.