Diego Luna: Barrenak eskatuta

Diego Luna: Barrenak eskatuta https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2010/09/03
erreportajea
Diego Luna: Barrenak eskatuta
Haurtzaroak guztion bizitza markatzen omen du, eta Diego Luna ez da salbuespena. Bi urte zituela hil zitzaion ama Fiona auto istripu baten, eta ondorioz, aitak bakarrik hazi zuen, foku, harri-kartoi eta plastikozko lore artean.

Aita Mexikoko zine, antzerki eta opera dekoratzaile entzutetsuena izaki, Diego txikiak artista artean pasa zuen umezaroa. Hala, El abuelo y yo (1992) telenobela izan zen jaioterrian ezagutzera eman zuena, Gael Garcia Bernal konfiantzazko laguna protagonista zuen telesaila, hain zuzen.

Nazioartean ere arrakasta bikotean lortu zuten, edo hirukotean, Maribel Verdu gehitu zitzaien-eta Alfonso Cuaronek zuzendutako Y tu mamá también (2001) bidaia basan. Diegok eta Gaelek, biek ala biek, aktore gazte onenaren saria jaso zuten Venezian, eta ordutik, Mexikoko zinemaren ordezkari bihurtu dira mundu zabalean. Lunaren ibilbidean aipagarriak dira Frida (2002), The Terminal (2004) Spielberg handiaren aginduetara edota Milk (2008) Sean Pennen mutil-lagunaren azalean.

Hilabete honetan Donostiako Zinemaldian ikusteko aukera izango dugu ziurrenik, zuzendari legez egin duen fikziozko lehen film luzeak, Abel, Horizontes Latinos saila irekiko baitu. Abel bederatzi urteko ume bat da, aitak Amerikako Estatu Batuetara alde egin ostean ama, arreba nerabea eta anaia gaztea zaintzeko ardura bere gain hartuko duena. “Nire aitak oso txikitatik tratatu ninduen heldutzat, eta ondotxo dakit Abel bezalako ume batek zer sentitzen duen”, adierazi izan du zuzendariak.

Urteetan zehar izan omen du istorio hori buruan bueltaka, eta azkenean, emaztea haurdun geratu eta aita-sena piztu zitzaionean ekin zion gidoia idazteari. Bikoteak uztailaren 1ean izan zuen bigarrena, eta Lunaren hitzetan, “orain, alabak zer iradokitzen didan itxarongo dut, hurrengo filmean pentsatzen hasi aurretik”. Zuzentzen jarraitu nahi duela argi du eta familiarekin denbora gehiago igaro nahi duela ere bai, beraz, Diego Luna ikusi nahi duenak kamera hartu eta goizean goiz Kursaaleko alfonbran lekua har dezala, hemendik aurrera aukerak urriak izango dira eta.

Nortasun Agiria


Izena: Diego Dionisio Luna.
Jaioteguna: 1979-12-29.
Jaiolekua:  Mexiko Hiria (Mexiko).
Emaztea: Camila Soldi aktore eta modeloa.
Seme-alabak: Jeronimo eta Fiona.
Lagunik handiena: Gael Garcia Bernal aktorea.
Film maiteena: Pulp Fiction (Quentin Tarantino).
Aktore gustukoenak: Javier Barden eta Vincent Gallo.
Maite du: Zezenketak eta Eliza Katolikoa.
Gorroto du: Bere omenez umeei Diego izena jartzea.