Diego Bravo, Base jauskaria: "“Akatsik onartzen ez duen kirola da hau”"

Diego Bravo, Base jauskaria: "“Akatsik onartzen ez duen kirola da hau”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/diego-bravo-base-jauskaria-quotakatsik-onartzen-ez-duen-kirola-da-hauquot/@@download/image/20111147040dieg_1361227477.jpg
2011/11/04
elkarrizketa
Testua: Antxoka Agirre
Building, Antenna, Span eta Earth hitzen inizialekin osatzen da BASE hitza. Alegia, eraikin, antena, zubi eta amildegietatik egiten diren jauziak dira, lurzorutik distantzia txikira egiten direnak, eta ondorioz, baita arriskutsuenak ere. 28 urteko Legazpiar honek 43 egin ditu dagoeneko. 

Paretara igo ondoren goitik behera jauzi eginaz jaisten ziren tipo batzuk ikusi zituen bideo batean, eta txunditurik geratu zen. Ordurako urteak zeramatzan berak eskalatzen eta probatu beharra zeukala erabaki zuen. Jauziena aspaldidanik datorkion afizioa dela komentatzen du: oso umea zela telebistan jauskari batzuk ikusi eta ezin izan zituela burutik kendu denbora askoan, amildegi ertzera hurbildutakoan jauzi egiteko gogoa betidanik sentitu izan duela...

Noiz hasi zinen praktikatzen?

Base jauziari ekin aurretik, gutxienez hegazkinetik 200 jauzi egin izana eskatzen dizute. Honela, hegazkinetik saltatzeko ikastaroa egin behar izan nuen lehenengo, 2007an, Jakan. Pare bat eguneko kontua izan zen, zazpi jauzi, eta honekin jada titulua daukazu. Hortik aurrera saltoak pilatzeari ekin nion Espainiako eta Frantziako aerodromoetan. Ekipoa norberak eramanez gero, 25 euro baino ez ditu balio hegazkineko plazak… Orain dela urtebete iritsi nintzen 200eko kopuru horretara eta Kataluniako ASB elkartearekin beste ikastaro bat egin nuen, oraingoan baserako eta aurrekoa baino serioagoa. Ordudanik biak txandakatzen ditut: hegazkineko jauzia eta base jauzia.

Alde handia egongo da batetik bestera.

Bai, bai, ez daukate zerikusirik. Hegazkinetik 4.000 metroko altueratik egiten duzu jauzi, minutu batekoa da erorketa jausgailua ireki aurretik, eta hau ireki ondoren ere tartea handiagoa da. Izatez, norberak irekitzen ez badu, 400 metroko altueran bigarren jausgailu bat automatikoki irekitzen da.
Base jauzia, berriz, askoz distantzia motzagoetatik egiten da: 200, 300, 400 metro. Hamar bat segundo baino ez dira, eta jausgailu bakarra dago, norberak ireki beharrekoa.

Zein gustatzen zaizu gehiago?

Hegazkinetik beste patxada batekin egiten duzu jauzi, erorketa sentsazioa arinagoa da, arriskua ere askoz kontrolatuagoa… Basean, amildegiko pareta edo etxearena edo dena delakoa bertatik bertara ikusten duzunez, askoz ere nabarmenago sentitzen duzu goitik behera ziztu batean zoazela, hutsik egin ezin duzunez erabat erne zoaz… Kar, kar, askoz gehiago gustatzen zait hau… Basea askoz indartsuagoa da. Hegazkinekoa baserako entrenamendu gisa praktikatzen dut.

Hegalak dituen trajea soinean ere egiten omen duzue salto.

Eskuetatik oinetaraino eta hanka tartean tela bat daukan trajea da. Leunago jaisten zara eta erorketa metro bakoitzeko bi metro egiten dituzu aurrera. Alegia, jauzia 2.000 metrotik eginda, 4.000 egiten dituzu hegan. Legazpitik Zumarragara hegan joatea bezalakoa litzateke hori...

Hegazkinetik jauzi eginda gehiago egingo duzu, bada, hegan.

Bai. Askoz ere gehiago. Base jauzia ere egiten dugu hegalekin, baina distantziak eta denborak motzagoak dira, noski.

Zuk, hala ere, nahiago duzu base jauzia.

Bai. Hegan egitearen sentsazioa polita da baina ez da dena. Zuzenean erortzen ari zarenean, begi aurretik pasatzen zaizuna ere oso ikusgarria da. Eta basearekin, neuk behintzat, askoz ere adrenalina gehiago askatzen dut. Lur hartu ondoren, sekulako kabitu ezina izaten dut lehenengo. Eta behin hori kontrolatuta, sekulako bakea.

Eta jausgailua irekitzen deneko momentua?

Lehen jauzietan bai, “ea orain zer gertatzen den” pentsatzen duzu irekitzeko momentuan. Baina gerora ez. Jauskaria naiz, badakit ireki egingo dudala, ez bada sekulako okerren bat gertatu zaidala, eta badakit ireki egingo dela. Nahikoa mekanikoa da momentu hori. Gainera lurreratzea dator berehala, eta ez daukazu sentsazio gozoetan lokartzeko astirik.

Jauzia egin aurretik ondo aztertu beharko da dena.

Normalean, lur hartzeko gutxi gora beherako gune bat aurretik erabakitzen dut. Gero, goian nagoenean tokia gehiago zehazten dut eta harri batzuk botatzen ditut nola erortzen diren eta zenbat denbora behar duten ikusteko. Haizea ere hartzen dut kontuan ahal den neurrian; oso indartsua baldin bada, itxaron egin behar da, edo beste baterako utzi.

Zenbat jauzi egin izan dituzu orain arte?

Urtebetean 43 egin ditut. Suitzan ibili naiz asko, base jauziaren paradisua da hura; Italian, Frantzian, Espainian...

Eta Euskal Herrian?

Ez da erraza. Orografia eta klima konplikatuak dauzkagu. Nerbioiko jauzia dago, baina ez dauzka lurreratzeko metro asko. Zubiren bat ere egin izan dut... Ez dago gauza askorik.

Egin duzun jauzirik politena?

Suitzan hegalekin egin dudan lehenengoa. Duela bizpahiru aste izan zen. Lauterbrunen da tokiaren izena, eta oso paraje ederrak dira. Bailara zati eder bat egin nuen hegan, zuhaitzak, ibaia...  

Building, Antenna, Span eta Earth. Denak egin dituzu?

Batez ere labarretik behera egin izan dut, eta gehiena hau gustatzen zait, nolabait naturarekin bat gehien egiten duena hau baita. Eta zubi bat edo beste ere egin izan dut... Antena batera ere igo nintzen, baina sekulako haizea ari zuen eta ez nintzen jauzi egitera iritsi.

Falta zaizkizun horiek egiteko asmorik bai?

Bai, bai. Lau elementuak egin arte ez zara benetako base jauskaria, eta denak egiteko asmoa daukat. Eraikinena da konplikatuena. Normalean, legalki eta abar traba gehiago izan ditzakezu, ekipo berezia behar da... Baina badaukat gogoa. Urtero Benidormeko Bali hotelean baimendutako txapelketa bat egiten dute, eta agian han egingo dut aproba. Edo bestela eraikitzen ari diren etxe orratzen batetik, Benidormen bertan. Hortara jarrita dagoen lagun talde bat daukat han eta zerbait egingo dut haiekin lehenago edo geroago.

Mundu mailako figurarik ba al dago? Erreferentzia gisa hartzen duzun norbait, agian.

Momentu honetan punta-puntan dagoena Jeb Corllis estatubatuarra da. Eiffel Dorrea, Petrona Dorre Bikiak, Enpire State Buildinga... denetarik egin du. Azkeneko erokeria pareta batetik salto egin eta beste pareta batean zegoen zuloa zeharkatzea izan da, kar, kar, kar... Jack Sommer eta beste batzuk ere badabiltza, baina, egia esan, azken urteetan punta-puntako mordoxka bat hil egin dira. Norbegiar bat... ez dut izena oroitzen, duela gutxi.

Istripu asko izaten da?
Dezente. Suitzara azkenekoz joan ginen asteburu hartan bi hil ziren... Jendea muga-mugan dabil, gero eta gauza zailagoak egin nahian, eta horrela gertatzen dira "fatality"ak. Akatsik onartzen ez duen kirola da hau; huts eginez gero, badakizu zer duzun.

Izan duzu susto seriorik?

Ez, momentuz ez. Lurreratzerakoan beti izaten dira txikikeriak. Luzeegi edo motzegi joaten bazara, edo haizeak pixka bat desbideratzen bazaitu, hesiren bat edo zuhaixkaren bat ukitu dezakezu. Baina ezer seriorik ez.

Eta isunik?

Nik ez, baina ezagutzen dut tokatu zaionik, Ordesan jauzi egiteagatik, adibidez. Egia esan ez dauka zentzu handirik, guk ez baitugu natura kaltetzen, "domingeroek" baino gutxiago edozein kasutan. Baina Parke Natural bat denez, debekaturik daude jarduera gehienak... Hegaka ikusten bazaituzte, zureak egin du, behean izango dituzu zain 60 euroko isunarekin, eta lehenago edo geroago lurreratu beharra daukazu. Gainerakoan, parke naturala ez bada, mendian jauzi egitea ez dago debekaturik. Eta eraikin edo zubietatik jauzi egitea ere ez. Beste kontu bat da eraikinean sartu ahal izatea edo zubi horretan oinezkoak ibili ahal izatea... Batzuetan erdi ezkutuan ibiltzen gara, kar, kar...

Zer iruditzen zaie zure zaletasuna ingurukoei?

Batzuk erotuta nagoela esaten didate, adarra jotzeko gehienek, eta badaude inbidia apur batekin egunen batean probatuko luketela esaten didatenak ere. Nik uste dut jauzi egitearena berezko joera bat dela gizakiarengan, edo behintzat jende askorengan... Gurasoei ongi iruditzen zaie. Eskalatzen ibiltzen naiz, motorrarekin eta abar. Ezagutzen naute eta badakite kontu hauek betidanik benetan gustatu izan zaizkidala.

Badago afiziorik Euskal Herrian?

Gipuzkoan ez dut beste inor ezagutzen; Bilbon Victor Gordillo, Patrick Gisasola eta Unai izeneko mutil bat; eta Gasteizen Pablo Ochoa eta Juan Ramon Estares. Hegazkinetik egiten dutenak gehiago dira, Euskadiko Parakaidismo Federazioa ere hor dago, baina basea egiteko, nik dakidala behintzat, ez dago gehiago.

Irteerak, normalean, taldean; ezta?

Egia da seguruagoa dela, edozer gertatuta ere, taldean egitea. Eta gehienak, egia esan, taldean egin izan ditut. Baina bakarrik ere joaten naiz batzuetan. Natura gustatzen zait, eta bakarrik noanean, agian, gehiago gozatzen dut nire inguruaz, jauzia bera ere desberdin bizitzen dut... Asko gustatzen zait bakarrik joatea ere.

Taldean irteten zaretenean, nolako giroa izan ohi duzue?

Normalean asteburu osoko plana izaten da, eta normalean zortzi bat jauzi egiten ditugu, egunean lau. Hori, oinez igotzeko moduko toki bat baldin bada. Eskalatu beharra baldin badago, egunean bat edo bi izango dira gehienez, ekipo guztia bizkarrean hartuta igo behar izaten baitugu, eta nekatuta ibiltzea arriskutsua da. Goizean goiz abiatzen gara gora, eguerdirako, hemen inguruan baldin bada behintzat, haizea gogor jotzen hasten baita. Jauzi bakoitzaren ondotik festa txiki bat izaten da, bakoitza berea komentatzen, eta bukatutakoan bazkaltzera. Bazkalondoan bideoak ikusten ditugu, mundu guztiak bere kamerarekin egiten baitu salto, egin beharreko zuzenketak eta abar aztertzeko. Gero denak garagardo batzuk hartzera... Sekulako giro ona daukagu gure artean.

Hurrengo jauzia noiz?

Lehenbailehen. Uste dut Frantzia aldera mugituko garela. Azkenekoz jauzi normala egin genuen eta, ni behintzat, oraingoan hegoak ateratzeko gogoz nabil...