Dibortziorako hiru hilabete itxaron beharko dute Danimarkan

Dibortziorako hiru hilabete itxaron beharko dute Danimarkan Bikote banaketa kopuru handiaren aurrean, gobernuak neurriak hartzea erabaki du; zilegi ote? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dibortziorako-hiru-hilabete-itxaron-beharko-dute-danimarkan/@@download/image/gty_marriage_divorce_ll_110819_wg.jpeg
2019/07/23
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Bikote banaketa kopuru handiaren aurrean, gobernuak neurriak hartzea erabaki du; zilegi ote?
Dibortziorako hiru hilabete itxaron beharko dute Danimarkan

Estatuak eskumenak izan beharko lituzke bikoteen erabakietan? Eztabaida hori aireratu du Danimarkak dibortzioen inguruan martxan jarri duen neurri berriak. Hain zuzen, apiriletik aurrera dibortzioa eskatu nahi duten daniarrek ez dituzte bereizteko erraztasun handiak izango; hiru hilabete itxaron beharko dute, eta tarte horretan bikote terapia egin beharko dute. Hain zuzen, dibortzio tasa oso altuak dituzte herrialdean; horregatik, gobernuak neurriak hartzea erabaki du.

The Guardian egunkariak zabaldu duenez, daniarrek ondo hartu dute gobernuaren proposamena; dena den, badira neurri horiek pribatutasunaren aurka doazela uste dutenak ere. Gobernuak, baina, terapia horiek zerbitzu publiko moduan aurkeztu ditu. Haurrak dituzten bikoteentzat berriz, familiak ez apurtzeko neurri zorrotzagoak ezarri dituzte; kasu horietan, herrialdeak urtebeteko amatasun eta aitatasun baja eskaintzen die bikoteei. Hala eta guztiz ere, 2018an 15.000 dibortzio eskaera egon ziren Danimarkan, urte bereko ezkontza kopuruaren erdia, hain zuzen.

Hala, hiru hilabeteko itxaronaldian hartu beharreko terapia online edota app bitartez egiteko aukera eskaini dute; helburua dibortzio prozesuan laguntza eskaini eta haurrak dituzten bikoteei komunikazioan laguntza eskaintzea da, haserreak eta borrokak ekiditeko. Baina, benetan ote da beharrezkoa gobernuak esku hartzea dibortzio kasuetan? Daniarrek baiezkoa argi dute. Arrazoia? Dibortzioek dakarten gastu ekonomiko itzela; etxe berriak, eskolak, osasuna, ongizatea, depresioak, haserreak... gehiegizkoa da norberak bakarrik asumitzeko. Amaitzeko, datu bat: Europako herrialdetan, dibortzio tasak %25 eta %50 bitartekoak dira.