Diasporaren hirugarren elektrokardiograma

Diasporaren hirugarren elektrokardiograma https://www.gaztezulo.eus/albisteak/diasporaren-hirugarren-elektrokardiograma/@@download/image/25p32-11.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Aritz Sound System
Diasporaren hirugarren elektrokardiograma
Musika elektronikoa; aparatu elektronikoez egindako musika; argindarra; Basque Electronic Diaspora; atzerriko euskaldunek egindako musika; Euskal Herrian bizi arren, atzerritarrak diren euskaldunen musika elektronikoa...


1998an Esan Ozenki disketxeak -orain Metak- "Basque Electronic Diaspora" izeneko lehen bilduma kaleratu zuenean asko poztu ginen. Bazen euskaldunek egindako musika elektronikoa jasotzen zuen diskoa kaleratzeko garaia, eta bazen Novophonic bezalako aitzindariekin "lehiatuko" zen diskoa kaleratzeko garaia ere.
Musika elektronikoaren eta Euskal Herriaren arteko harremana maitasun-gorroto harremana izan da hasieratik. Gainontzeko musika estiloekin gertatu bezala, musika elektronikoa ere topikoz jantzita iritsi da gurera; dantzarako musika dela soilik, desmobilizatzailea, azalekoa, droga mota baten kontsumoari lotutakoa... topikoak, finean. Denborarekin, ordea, "musika elektronikoa" bezala ezagutu dena uste baino askoz ere konplexuagoa eta aberatsagoa dela konturatu gara, eta horretan lan handia egin dute, besteak beste, Bixente Iriart bezalako musikariek.
Bixentek egin zituen, hain zuzen, koordinazio lanak Basque Electronic Diasporaren lehen bi disko bildumetan (Isa Suarezekin edota Iñaki Yarriturekin batera). Bixentek agur esan digu, baina berak hasitako lanak jarraipena du hirugarren bilduma honetan, eta aurrekoetan bezala, musika elektronikoa maite duten euskal musikarien lanak -Euskal Herrian ala atzerrien bizi- entzun daitezke bertan.
Jainko maitea!
Nork esango luke drum-&bass, house, lounge, techno, trip-hop, hip-hop, dub eta antzeko izen "arrotz" eta "ezezagunak" euskaldunon hiztegiaren parte izango zirela? Mesedez. Gure hizkuntza garbia "zikintzearen" errudunen kolaboratzaile bilakatu dira Metak zigiluko "suizidak". Zer dela eta bere buruaz beste egiteko behar hori? Aurreko bi bildumekin nahikoa izan ez eta hirugarren disko bikoitza kaleratu dute! Nire amak ez luke ulertuko…
Herf, FDS, Cabb, Cubo, Nutcase, Dub Mission, Estupendo, Templar, J-Ro, DJ Amsia, Jimmy Arrabit, Makala, I:Shead, Miaow, Xano, Txo, Band Noir, Coda, Pelado, Toc, Emc, DJ Vincil, M.A.O. eta Voodoo Muzak. Eta izen horiek? Norbaitek ezagutzen ote ditu? Telebistan atera al dira? Kate komertzialetan, agian? Ez dakit. Jatorrak dira? Nola jazten dira? Zeinekin ibiltzen dira? Eta komuneko papera, zein koloretakoa dute? Ni ez nintzateke fidatuko. Musika elektronikoa sentimenduz egina dagoela esaten badizute ez zaitez fio. Ezer baino lehen entzun ezazu diskoa, eta gero...