Diasporaren Eguna ospatzeko birtualki topa egiteko gonbita egin du Argentinako Anaitasuna Euskal Etxeak

Diasporaren Eguna ospatzeko birtualki topa egiteko gonbita egin du Argentinako Anaitasuna Euskal Etxeak Irailaren 8an bideo-dei bidez egingo dute topa, eta nahi duen orok parte har dezake. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/diasporaren-eguna-ospatzeko-birtualki-topa-egiteko-gonbita-luzatu-du-argentinako-anaitasuna-euskal-etxeak/@@download/image/diaspora.jpg
2022/08/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irailaren 8an bideo-dei bidez egingo dute topa, eta nahi duen orok parte har dezake.
Diasporaren Eguna ospatzeko birtualki topa egiteko gonbita egin du Argentinako Anaitasuna Euskal Etxeak

Euskal Diasporaren Eguna ospatzen da irailaren 8an eta munduko hainbat tokitako euskal etxe eta taldeak saioak eta ekitaldiak prestatzen ari dira egun berezi horretarako. Argentinako Maipu hiriko Anaitasuna Euskal Etxeak proposamen berezia luzatu du: bideo-dei bidez elkartu eta, edalontzia jasoz, topa egitea, "Euskal Herriaren alde eta mundu osoko euskal familia handia osatzen dugun guztiok gogoan harturik". 

Ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, elkarrekin ospatzea da asmoa eta teknologia berriak elkar ezagutzeko eta hamaika lekutako jendearen artean loturak estutzeko ematen duen aukera baliatzea. Hala, Brasil, Txile, Uruguai, Peru, Venezuela, AEB, Euskal Herriko eta beste hainbat lekutako lagunak bilduko dira bideo-dei bidez. 

Hortaz, irailaren 8rako egin dute hitzordua, eta ordua ezberdina izango da bizitokiaren arabera; Argentinan 20:00etan, Venezuelan 14:00etan, Mexikon 13:00etan, Kalifornian 11:00etan eta Euskal Herrian irailaren 8tik 9ra bitarteko gauean, ordu batean. Hamabost minutuko iraupena izango du gutxigorabehera, "edalontzia jaso eta garenaren alde topa egiteko, Euskal Etxeko parte garenon alde, eta baita ez direnen alde ere, batera edo bestera euskal kultura bizirik mantentzen duen Diaspora honetako parte garen guztiok gogoan". Soinean euskalduntasunaren ezaugarri edo adierazle den zerbait izateko proposamena ere egin dute: zapia lepoan, euskal etxeko arropa, txapela, usadiozko jantzia...

Ekimenarekin bat egiteko esteka honetan sartu beharko da, dagokion garaian. Gela birtualera sarbidea izateko datuak ere eman dituzte: batetik, identifikazio zenbakia (Meeting ID): 813 5640 8702; eta, bestetik, pasahitza (Passcode): 467942. 

Parte hartu nahi duen orori zabaldu diote gonbita antolatzaileek.