'Diamante landugabea' pelikula: zer egingo zenuke ospetsua izateagatik?

'Diamante landugabea' pelikula: zer egingo zenuke ospetsua izateagatik? Uztailaren 18an estreinatu zen identitateari, klasismoari eta gizartearen onarpenaren bilaketari buruzko filma. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/diamante-landugabea-pelikula-zer-egingo-zenuke-ospetsua-izateagatik/@@download/image/GNowDzAXIAA5kSD.jpeg
2025/08/08

Testua: Maitane Legarreta

Uztailaren 18an estreinatu zen identitateari, klasismoari eta gizartearen onarpenaren bilaketari buruzko filma.
'Diamante landugabea' pelikula: zer egingo zenuke ospetsua izateagatik?

Agathe Riedingerrek idatzi eta zuzendutako lehen filma da Diamant brut (Diamante landugabea). Zuzendari frantziarrak 2017an egindako J'attends Jupiter film laburra du abiapuntu, eta famarekiko obsesioa eta besteen onarpenaren beharra aztertzen ditu, besteak beste, reality show batera aurkeztuko den nerabe baten bidez. 

19 urteko Liane da filmaren pertsonaia nagusia. Ausarta, nekaezina eta ipurtarina da. Frantziako hegoaldean bizi da, amarekin eta ahizpa gazteagoarekin. Luxuzko gauzak lapurtzen ditu, saldu eta arropa erosi ahal izateko. Haserrealdi ugari izaten ditu eta ingurune horretatik ihes egin nahi du lehenbailehen, telebistako pertsona ospetsu bihurtzeko. Mirarien uhartea izeneko reality show batean parte hartzea da haren helburua. Horretarako bere gorputza aldatu nahi du: bularretako ebakuntza egin du eta ipurmasailetan inplanteak jartzeko adina aurreztea espero du. Ez du inork geldiaraziko nahi duena lortzeko bidean. 

Egileak hauskortasuna indargune bilaka daitekeela erakusten du bere lehen film luzean, eta maitasunaren eta onarpenaren bila ibiltzeak muturreko egoera arriskuetsetara eraman gaitzakeela. Bat-bateko ospea lortzea, gizartearen onarpenaren bila aritzearen obsesioa, autoestima, itxuraren arabera epaitzea eta halako gaien inguruan hausnartzen du, baita klasismoaz ere.

Gaur egungo gizarteari egindako begirada da, gazte batzuentzat itxura eta ospea baitira helburu gorenak. Gizartearen presioa, eta pertsonaiek haien identitatearen eta arrakastaren bila hartzen dituzten erabakiak islatzen ditu filmak. Gaur egungo balioen inguruan hausnartzeko aukera ematen du.

Malou Khebizi aktorea da protagonista, eta harekin batera Idir Azougli, Andréa Bescond, Ashley Romano eta Alexis Manenti daude pelikulan.

Canneseko Zinemaldian Urrezko Palma eskuratzeko lehian aritu zen opera prima bakarra izan zen. Cesar sarietan bi izendapen lortu zituen: emakumezko aktore berri onena eta opera prima onena.