Des-kontrol, Kalifornication?

Des-kontrol, Kalifornication? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/deskontrol-kalifornication/@@download/image/63p12-1_1365706662.jpg
2006/05/05
erreportajea
Des-kontrol, Kalifornication?
Iaz Kalifornian kontzertuak ematen ibili ondoren, Des-kontrol talde arrasatearrak "Duintasunez eutsi" izeneko diskoa kaleratu berri du Oihuka diskoetxearekin.

Euskal musikan, talde gutxik lortu dute AEBetan kontzertuak ematea. Egin dezagun errepaso azkarra: Fermin Muguruza maiz aritu da AEBetan; Betagarri eta Berri Txarrak ere iaz izan ziren… eta nor gehiago? Ziur asko, ihes egingo zigun izenen batek, baina seguru dakiguna da Des-kontrol taldea joan den urtean ibili zela Kalifornian, kontzertuak eman eta eman. diosku Des-kontroleko Markelek.

"Iaz bi bira egin genituen", diosku Des-kontroleko Markelek: "Batetik Kalifornian ibili ginen, eta bestetik, Alemanian, Austrian eta Frantzian. Horrez gain, Portugal eta Espainian ere aritu gara". Bira horietan, Des-krontrolekoek talde askorekin jo zuten: Los Dryheavers, Pressure Point, Whiskey Rebels, Forgotten, Crashed Out, Cockney Rejects-ekin, besteak beste. Kaliforniako biran, lehen bost kontzertuak Stockton, Monterrey, San Francisco, Santa Cruz eta San Josen izan ziren, eta seigarrena, aldiz, Sacramenton urtero antolatzen duten Death Or Glory punk kontzertuan. "Beste 30 talderekin batera jo genuen, eta jendeak oso harrera ona egin zigun", dio Markelek.

Goraka doan estiloa

Baina gatozen gaur egungo kontuetara. Des-kontrolek "Duintasunez eutsi" izeneko diskoa kaleratu berri du Oihuka diskoetxearekin. Aipatu diskoan, street-punk estiloko hamalau kantu bildu dituzte; horietako bat ingelesez da —"Freedom for my land" izenekoa—, eta gainontzekoak, euskaraz. "Abesti hori horrela atera zitzaigun, ingelesez. Gainera, abestiak Euskal Herriarentzako askatasuna eskatzen du; beraz, egokia iruditu zitzaigun ingelesa erabiltzea, jende gehiagorengana heltzeko. Agian, aurrerantzean abesti gehiago egingo ditugu ingelesez, atzerrira begira", diosku Markelek.

Des-kontrolekoak arrasatearrak dira, eta hori nabari egiten zaie. Taldeak street punk eta oi! estiloko abestiak egiten ditu, eta Cock Sparrer, Business, Clash, Ramones, Zakarrak, Rip eta Anti-Heros bezalako taldeak atsegin dituzte.

Markelen ustez, azkenaldi honetan ugaritzen ari dira street-punk taldeak: "Gu jotzen hasi ginenean ez zegoen talde askorik, eta kontzertuak egiteko orduan, ez zegoen gaur egun dagoen aukera. Orain talde asko daude, eta kontzerturen bat dago ia astebururo".

Street-punk eta oi! estiloen gorakada hori Arrasaten ere nabari da, nahiz eta Debagoienan beti egon den musika mota horiekiko zaletasuna. "Arrasaten ere gora egiten ari da estilo hau. Talde asko sortu dira: Emboskada, Arkada,  Social, Never Surrender, Agressive Combat...". Agenda bete-bete eginda dute datozen hilabeteetan. Taldekoek dioten bezala: duintasunez eutsi!