Depresioa ez da tristeziaren sinonimoa eta gaixotasun honi buruzko beste zenbait mito

Depresioa ez da tristeziaren sinonimoa eta gaixotasun honi buruzko beste zenbait mito Depresioa ohiko nahaste mental bat da eta munduko biztanleriaren %3.8ari eragiten dio Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/depresioa-ez-da-tristeziaren-sinonimoa-eta-gaixotasun-honi-buruzko-beste-zenbait-mito/@@download/image/3864191.jpg
2021/11/24

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Depresioa ohiko nahaste mental bat da eta munduko biztanleriaren %3.8ari eragiten dio Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera.
Depresioa ez da tristeziaren sinonimoa eta gaixotasun honi buruzko beste zenbait mito

Gaixotasun honen inguruan hainbat mito eta sineskeria daude. Adibidez, ez da egia zerbait txarra gertatzen bazaizu soilik pairatu dezakezula, tristuraren sinonimoa dela edota patologia honek bizitza guztian zehar irauten duela. 

Depresioaren mito hedatuenetakoa da zerbait txarra gertatzen denean esperimentatu litekeela. Ikerketa ugarik frogatu dute, ordea, depresioa inongo motiborik gabe azaldu litekeela eta denbora luze batez iraun. Izan ere, depresioaren jatorria ez da zehaztasunez ezagutzen oraindik. Adituek diote, oro har, ingurumen faktoreen, psikologikoen eta biologikoen konbinaketa bat izan ohi dela. 

Jatorri biologikoa duten faktoreei dagokienez, adituek geneak, garuneko kimika eta hormonak aipatzen dituzte. Ingurumen faktoreen kasuan eguzkiaren argia, urte sasoiak edo egoera sozialek eragina izan lezakete. Nortasunaren faktoreek ere eragiten dute, hau da, bizitzako gertaera ezberdinei aurre egiteko dugun moduak edo sortzen ditugun babes sistemak. 

Gainera, American Journal of Geriartric Psychiatry aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera depresioa sortzen duten arrisku faktoreak aldatuz doaz bizitzan zehar. Autoreek ondorioztatzen dute haurtzaroko abusuak, gorputzeko masa altuak edo gaixotasun kronikoek gazteengan eragin handiagoa dutela. Adin nagusikoen kasuan, arrisku faktoreak dolua, lo nahasteak, desgaitasunak edo aurretik depresioa pairatzea dira.

Lotura argia behatzen da ezberdintasun sozial-ekonomikoak eta osasun mental kaskarrarekin Nature aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera. Autoreek aipatzen dute langabezia, diru-sarrera baxuak, pobrezia, zorrak eta etxebizitza desegokiak eragin negatiboa izan lezakeela gure egoera psikologiko eta emozionalean.

Argi dagoena da depresioa ez dela tristeziaren sinonimoa. Triste egotea zenbait momentutan normala da, baina oro har, tristezia denbora gutxira desagertu egiten da. Depresioa ezberdina da: Gogo aldartearen nahaste bat da sintoma larriak sortu ditzakeena, pentsatzen eta sentitzen duzun horretan eragin lezakee eta, baita eguneroko jardueretan ere; hala nola, loan, apetituan edo lan egiteko duzun moduan. 
Depresioa pairatzen duten pertsonek gogo aldarte deprimitua izan ohi dute ia egun osoan eta ia egun gehienetan, baina triste dauden pertsona guztiei ezin zaie depresioa diagnostikatu. 

Tristura gogo aldarte ohikoa da, galera baten aurrean azaldu ohi dena, guztiok egon ohi gara triste noiz edo noiz. Alabaina, noizean behin estimulu piztaile baten aurrean sortu daiteke depresioa. Gainera, gaixotasun honek sintomak fisikoak ere bistarazten ditu, hala nola loaren alterazioa, jateko gogoa galtzea, energia urria, nekatuta sentitzea eta mugimendu motelak. 

Depresioa eta tristeziaren arteko ezberdintasun garrantzitsuena da lehenak funtzionamendu psikosozialean eta eguneroko errendimenduan modu esanguratsuan eragiten duela, besteak ez bezala. Depresioa duten pertsonek ezin dituzte euren lan betebeharrak burutu, etxeko lanak egiteari uzten diote, edota ikasketetan maila jaisten dute eta sozialki ere gutxiago erlazionatzen dira besteekin.

Beste mito zabaldu bat da pertsona ahulenek, edo borondate gutxikoek pairatzen dutela depresioa dionarena da. Argi utzi nahi dute adituek depresioak edonori eragin diezaiokeela baita pertsona indartsuei ere edota arrakasta ukan dutenei. 

Gainera, depresioak ez du zertan bizitza osorako gaixotasuna izan behar. Patologia honek ongi erantzuten dio tratamenduari eta orokorrean hilabete gutxi batzuetan konpondu liteke, kasuak eta kasuak baldin badaude ere. Alabaina, zenbaitetan depresio sintoma hondarrak gelditu litezke eta tratamenduari erresistentzia agertzen den kasuetan kronifikatu liteke. 

Argi utzi behar dena da depresioa pairatzen duten pertsona gehienek tratamenduaren beharra dutela hobeto sentitzeko. Ikerketek diote gainera, depresioak ezberdin eragiten diola pertsona bakoitzari eta ez dagoela guztientzako balio duen tratamendu bakar bat. Beraz, egoera honetan zaudenetako bazara eskatu profesional baten laguntza.