Deportazio bat gelditu duen ikaslea

Suediak 52 urteko gizon afganiar bat kanporatu behar zuen aste honetan; horretarako, gizona Göteborgeko aireportura eraman zuten, eta Istanbulerako hegazkin batean sartu. Kanpoan, deportazioen aurkako protesta batekin egin zuten topo; tartean zegoen Elin Ersson, 22 urteko ikasle suediarra. Erssonek hegazkin bererako txartela erosi eta barruan zela zutik gelditu zen, bere burua zuzenean grabatzen; bideoan adierazten duenez, ez zen eseri gizona hegazkinetik atera zuten arte.
Hala, ikasleak deportazioa etetea lortu du; bideoan ikusi daitekeenez, hegazkineko langileak mugikorra kentzen saiatu ziren, grabatzeari utzi ziezaion. Ordu laurden bat inguru zutik egon ondoren, eta gizon afganiarra hegazkinetik atera dutela ikustean, Ersson negarrez hasten da, eta hegazkineko bidaiarien txaloekin batera ateratzen da hegazkinetik.
Zoritxarrez, Suediak ez du ziurtatu gizonaren deportazioa erabat etengo duten edo ez; bestalde, Erssonek isun gogorra edota kartzela zigorra jasan ditzake. Etorkinak ez dira hasiera batean bezain ongi etorriak Suedian, eta geroz eta deportazio gehiago gertatzen dira. Eta zu, Erssonek egindakoa errepikatzeko gai izango zinateke?