Denok ekintzaile izatera

Denok ekintzaile izatera https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/09/08
erreportajea
Gorka Maiztegi Etxeberria. Junior Enpresen Euskal Federazioko presidentea
Denok ekintzaile izatera
Azken urteotan, krisia hasi zenetik batez ere, ekintzailetasuna modan jarri zaigu. Politikariek, komunikabideek eta hezkuntza instituzioetako barneko programek helarazten diguten mezua honakoa da: Etxean geratu ordez, gazteon betebeharra ekintzaile izan eta enpresa bat sortzea da.



Mezu horrek, gazteok pasiboak garelako aurreiritzia errepikatzeaz gain, ekintzailetasunaren esentziaren ikuspuntu okerra ere ematen du.
Alde batetik, badirudi gazteok iniziatiba hartzeko izan dezakegun aukera bakarra enpresa bat sortzea dela, beste edozein proiektu mota baztertuz. Gurean, elkarte, ekitaldi edota bestelako proiektuak aurrera eramatea da ohikoena, baina horiek, askotan, ez dira kontutan hartzen. Horrelako proiektuetan parte hartzen duten gazteak zenbatuko bagenitu, oso gutxi geratuko lirateke ezer egiten ez dutenen zakuan.

Bestetik, eta enpresa-ekimenaren gaiari helduz, ekintzaile izatea dirudiena baino zailagoa dela aitortzea ahaztu egiten da. Aldez aurretik egoera ekonomiko positibo batetik abiatuz, denbora libre ugari izanik eta prestakuntza on bati esker aurrera egitea posible da, baina zenbat gaztek betetzen ditu baldintza horiek? Eta gainera, lan egiteko grina eta ezinegona izatea beharrezkoa da, bidea zaila baita, eta emaitzak ez beti onak.

Junior Enpresen mugimenduaren baitan 25 urte baino gehiago daramatzagu arlo honetan lanean. Gure xedea da unibertsitate ikasketak egin bitartean ikasleek lanerako lehen esperientzia jasotzea, proiektu propioak aurrera eramanez eta ikasleek sortu eta kudeatutako elkarteetan batuz.

Hala ere, ekintzaile izatea ondo pentsatu beharreko erabakia da. Aukera horri uko egitea guztiz zilegi da, eta ez luke kritikagarria izan behar. Izan ere, krisiarekin amaitzeko ardura gazteongan jartzen dute, guztiok enpresak sortu beharko genituzkeela esanda. Errua ez da inondik inora gurea, eta norbere etorkizunaren ibilbidea erabaki pertsonala da.

Dena den, ez nuke inor gogogabetu nahi. Esan beharra dago, norberak sustatutako proiektua aurrera eramatea, enpresa izan edo ez, zailtasunez, buruhaustez eta estresez betetako bidea dela, baina era berean, norbere lanaren emaitzak ikustea, izan daitekeen sentsaziorik pozgarrienetakoa ere bada. Eta ekintzaile etiketa jarrita izan ala ez, garbi daukat gazteok hautatzen ez dugun aukera bakarra geldirik egotea dela. Beraz, modu batean edo bestean, goazen denok ekintzaile izatera.