Dena prest gazte kontseilua eratzeko

Dena prest gazte kontseilua eratzeko https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dena-prest-gazte-kontseilua-eratzeko/@@download/image/57p18-1.jpg
2005/11/04
erreportajea
Unai Brea
Dena prest gazte kontseilua eratzeko
Hil honen amaieran, Gazte Bilgunea ekimenak urtebete baino gehiago iraun duen prozesua burutuko du, Euskal Herriko Gazteriaren Biltzarra eginez. Euskal Herriko Gazte Kontseilua sortzea da helburua, eta horra heltzeko, hainbat pauso egin dituzte, gazte erakunde askoren parte hartzeaz. Gogoratu dezagun nola.

Gazte Bilgunearen lehenengo hazia iazko urrian ipini zen, hainbat eragiletako kideak elkartu, eta ordura arte oso sakabanatua zegoen euskal gazteria gorpuzteko bizkarrezur baten beharra somatu zutenean. "Gazteriaren baitan prozesu bat ireki behar zela pentsatu genuen", dio Alex Marañon Gazte Bilguneko kideak, "gure erabakiak errespetatuak izan daitezen".

Asmo abstrakto samar horrek laster eduki zuen itxura konkretuagoa: Euskal Herriko Gazte Kontseilua sortzea izango zen helburua, baina ez edozelan. "Ez genuen egun batetik bestera erakunde bat sortu nahi", jarraitu du Marañonek, "prozesu baten ondorioz baizik". Prozesu horren ardatzetako bat gazte eragile guztien —edo ahalik eta gehienen, behintzat— parte hartzea izan behar zela pentsatu zuten Gazte Bilgunearen sortzaileek. Hala, bidaialagunak bilatzeari ekin zioten, arrakasta handiz: era guztietako 30en bat gazte talde batu zaizkio Gazte Bilguneari, haren izenari ohore eginez, eta beste ehun ingururekin berba egin dute. Batzuek Euskal Herri osoa dute lan esparru, eta beste batzuek herri edo eskualde bakarra. Alex Marañonek azpimarratu gura duenez, herrialde guztiak daude ordezkatuta zerrenda horretan.

Lanaren lehenengo emaitza aurtengo martxoan aurkeztu zuten: "Euskal Gazteriaren Eskubideen Karta". Marañonen ustez, "orain asko hitz egiten da eskubideez, eta herri honetako gazteok, askotan, ez gara geure eskubideen jabe. Karta argitaratu eta zabaldu egin dugu, euskal gazte guztiek jakin dezaten zein eskubide dituzten".

Eskubideen Karta talde askoren eztabaidaren ondorioz sortu zen. "Era guztietako ideologia eta pentsamoldeetako erakundeek parte hartu zuten eztabaidan, eta oso aberasgarria izan zen. Azkenean, akordioa lortu zen, eta horri duen garantzua eman behar zaio. Ematen du, maila orokorrean ezinezkoa dirudiena, gazte mailan lortu dugula. Karta ez da bakarrik ideologia jakin  bateko gazteentzat, edozeinentzat baizik".

Etorkizunerako tresna

"Gazteriaren Eskubideen Kartak" eskubide guztiak jasotzeko asmoa du, eta ez soilik gaur egun urratuta daudenak. Hau da, etorkizunerako ere tresna izatea nahi dute, sortzear dagoen Gazte Kontseiluak erabiltzeko tresna, besteak beste. "Mahai inguruan eseri, eta hutsetik abiatu ginen, gazte moduan zein eskubide zibil, politiko, sozial, kultural, ekonomiko… dagozkigun eztabaidatzeko", azaldu digu Alex Marañonek. "Zoritxarrez, gehienak ez daude bermatuta gaurko Euskal Herrian".

Hurrengo urratsa Euskal Herriko gazteriaren diagnostikoa egitea zen, eta horretan eman dituzte hainbat hilabete. Zailtasunez betetako hilabeteak izan dira. Euskal Herrian hiru administrazio desberdin edukiteak ez du datu bilketa batere erraztu; Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoan, bereziki, ia ezinezkoa da batzuetan. "Eremu askotan datu falta handia dago" –diote Gazte Bilgunekoek-, "eta bestetik, Euskal Herria aintzat hartzen duten azterketak falta dira; beraz, hainbat eremutan, gazteok izan gara lehenengoak Euskal Herri mailako azterketa egiten". Guztira, hamalau arlo jorratu dituzte: azterketa soziopolitikoa, emakumeen aurkako indarkeria, ekonomia eta enplegua, laborantza eta arrantza, etxebizitza, kultura, hezkuntza, euskara, hedabideak, aisialdia, kirola, drogak, sexualitatea eta ingurumena.

Hala ere, diagnostikoa ezarritako epean amaitzea lortu dute, eta urriaren 8tik, herriz herriko aurkezpen eta eztabaidak egiten ari dira, ekarpen gehiago jasotzeko. Herrialde guztietako 50 herritan egiten ari dira hori. Momentuz, diagnostikoaren ondorioetatik, honakoxea nabarmendu dute: "Euskal Herriko gazteriaren errealitatea anitza eta zabala bada ere, badira gazte guztiok jasaten ditugun errealitate eta bizipen komunak. Gazteon errealitate horri erantzuteko, herri honetako gazte guztiak biltzeko gai diren bilguneak behar ditugu".

Gazteriaren Biltzarra, 26an

Bilguneok sortzeko zorian daude, azaroaren 26an Euskal Herriko Gazteriaren Biltzarra egingo baita. Hortxe ekin gura diote, hain zuzen, ekimenaren helburu nagusia hezurmamitzeari: Euskal Herriko Gazte Kontseilua erditzeari. Lehenik, gazteriaren diagnostikoaren eztabaidek emandakoa aurkeztuko dute. Ondoren, Kontseiluaren funtzioak, izaera eta antolaketa erabakiko dira. Biltzarrean parte hartzen dutenek —1.000 lagun joatea espero dute— erabaki beharko dute hori, beraz. Dena dela, Alex Marañonen ustez, badira Gazte Kontseilu berriak ezinbestean eduki beharko dituen ezaugarri batzuk: "Ez dugu oraingo kontseiluen kopia egin nahi. Horiek badute beren funtzioa, eta gainera, prozesu honetan parte hartzen ari direla esan behar da. Baina guk zerbait irekiagoa nahi dugu, partehartzaileagoa, gazteriarekin lotura zuzenagoa daukana. Bestalde, nazionala izan beharko du argi eta garbi, anitza ere bai, eta euskalduna bere jardunean, nahiz eta beste hizkuntzek ere beren tokia izan". Gainerakoa ikusteko dago oraindik. Azaroaren 26an da hitzordua.

Gazte bilgunea interneten



Gazteriari buruz egindako diagnosia eta “Euskal Herriko Gazteriaren Eskubideen karta” Gazte Bilgunearen web orrian (www.gaztebilgunea.org) eskura daitezke. Ekarpenak edo bestelako iradokizunak, berriz, gaztebilgunea@gaztebilgunea.org helbidera bidal daitezke e-mail baten bidez.

Norbanakoengana ailegatzeko zailtasunak


Gazte Bilguneak abiarazitako prozesuan, inongo taldetan ez dauden gazteengana ailegatzea izan da zeregin zailena. Hau da, gehienengana. "Normalean oso gutxitan egiten da halako ahaleginik", dio Alex Marañonek, "baina aukerak eman behar dira; ezin da `zaila da´ esan, eta kitto. Ahalegina egin behar da horiengana heltzeko, eta horregatik, herriz herri egiten ari garen aurkezpen eta eztabaidak dira prozesuaren muina".

Eztabaida horiez gain, Gazte Bilguneak aukera zabaldu nahi du, edozein gaztek bere ekarpena internet bidez egin dezan. "Ziurrenik hori ere ez da nahikoa izango", aitortzen du Marañonek: "erakunde eta elkarteen ahalegin berezia beharko dugu, jende guzti horrengana heltzeko. Propaganda ipintzen, gazteekin biltzen… Gazte Bilgunean parte hartzen ari diren talde guztiak horretan jartzen badira buru-belarri, aukera handiak edukiko ditugu gazte askorengana iristeko". 

Markel Ormazabal, Segiko kidea



“Ikusten genuen –eta oso larria iruditzen zitzaigun- Euskal Herri osoko gazteriaren diagnostikoa falta zela. Orain, abian jarri den ekimen honek, agerian utzi du Euskal Herriko gazteok geure arazoei aurre egiteko gauza garela. Ekimena nahitaezkoa da gazteon egoera ikusita, eta Euskal Herriaren eraikuntzan eduki behar dugun zeregina ahalbidetuko du. Gainera, aipatzekoa da oso ekimen gutxitan batu dela hainbeste gazte eragile”.

bon Usandizaga, Gazte Abertzaleak-eko idazkari nagusia



“Gazte Bilgunearen lehenengo lorpen garrantzitsua izan da “Eskubideen karta”. Nahiko lan handia izan da, eta oso ontzat ematen dugu, askotan planteamendu ideologikoak alboan utzi behar izan ditugulako, komunean geneukan guztia adosteko. Hitza oso tresna eraginkorra dela frogatu da, eta haren bidez, akordio handietara hel gaitezkeela. Bestalde, hemen eskubide politiko asko urratzen dira egunero, eta gutuna hori salatzeko tresna izango da”.

Gonzalo Codesido, Ezker Batuako Gazteria Saileko idazkaria



“Oso ondo iruditzen zait gazteen autogestioa sustatzen duen edozein ekimen, eta are gehiago, Euskal Herrian sortutakoa bada. Gure politikari nagusientzako eredu izan gaitezke, eurak ez baitira gauza ados jartzeko gai askotan. “Eskubide Kartari” dagokionez, ondo iruditzen zait egin izana, baina ez dut uste euskal herritarra izateagatik inork eskubide berezirik duenik; Euskal Herriak, beste edozein herrik bezala, berez dituenak izan ezik: euskal kultura ezagutzeko eskubidea, edo euskaraz ikastekoa”.

Joxe Antxustegi, EGIko Gipuzkoako arduraduna



“Alderdi politiko baten gazte erakundea izanik, ohartuta geunden ez geneukala harremanik beste gazte erakunde batzuekin. Gazte Bilguneak –geuk ere parte hartzen dugu bertan- hori hausteko balio izan du, eta alde horretatik, mesedegarria suertatu da ekimena. Beharrezkoa zen halako zerbait. Bestetik, gazteriaren diagnosia egiterakoan konturatu egin gara Euskal Herri osoari buruzko datuak biltzea, edozein arlotan, oso zaila dela, hiru esparru politiko edukitearen ondorioz”.